blokus
Blokus bitik lau jokalaritarako estrategia abstraktuko taula-jokoa da, non jokalariak puntuak lortzen saiatzen diren taularen zati gehienetan euren blokeak jarriz. Taula 20×20 laukiko taula karratua da eta blokeak poliminoak dira. Bernard Tavitian frantziar matematikariak diseinatu zuen eta 2000. urtean kaleratu zuen lehen aldiz Frantziako Sekkoïa enpresak. Hainbat sari irabazi ditu, besteak beste, Mensa Select saria eta 2004ko Teacher's Choice saria. 2009an, Mattel konpainiari saldu zioten jokoa.
Osagaiak eta hasiera
20×20 laukiko taula karratua. Hogeita bat bloke: mino (1), domino (1), trimino (2), tetramino (5) eta pentamino (12) guztiak. Lau kolore: berdea, gorria, horia eta urdina.
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
![]() |
Minoa. | Dominoa. | Triminoak. | Tetraminoak. | Pentaminoak. |
Bi eta lau arteko jokalarirentzako jokoa da. Jokalari bakoitzak kolore bateko 21 bloke ditu.
Helburua taulan ahalik eta bloke gehien jartzea da.
Arauak
Jokalari bakoitzak kolore bateko 21 blokeak hartuko ditu.
Hasiko den jokalaria aukeratu eta gero, txandak erlojuaren kontrako noranzkoan aldatuko dira.
Jokalariak, txandaka, beren bloke bat jartzen hasiko dira taularen erpin bateko laukia betetzen.
![]() |
Bloke berdea ondo jarrita dago, taularen erpineko laukia betetzen duelako. Bloke gorria, ordea, ez dago ondo jarrita, ez duelako taularen erpineko laukia bete. |
Taulan jartzen den bloke bakoitzak aurretik jarritako kolore bereko beste bloke bat ukitu behar du erpin batean, ez alde batean.
![]() |
Bigarren bloke urdina ez dago ondo jarrita, aurreko blokearen alde bat ukitzen duelako. Bigarren bloke horia, ordea, ondo jarrita dago, aurreko blokea erpin batean ukitzen duelako. |
Beste koloretako blokeekin ez dago murrizpenik, bloke berriek erpin batean edo hainbat aldetan uki dezakete, edo ukitu gabe jar daitezke.
Partida jokalari batek ere bloke gehiagorik taulan jarri ezin duenean bukatuko da.
Partida bukatzen denean, jokalari bakoitzak jarri gabe geratzen zaizkien blokeen laukiak zenbatuko dituzte. Lauki gutxien dituen jokalariak irabaziko du.
Aldaerak
Bi jokalari
Jokalari batek bi kolorerekin jokatuko du, eta besteak beste bi koloreekin.
Blokeak hasieran aukeratzen den koloreen ordenaren arabera jarriko dira taulan, baina, beti ere, jokalariak txandako jokatuz. Adibidez, jokalari batek bloke berdeak eta gorriak hartu ditu, eta besteak bloke horiak eta urdinak. Koloreen ordena berdea-horia-gorria-urdina izan daiteke, baina ez horia-berdea-gorria-urdina.
Jokatzeko modua berdina da.
Bukaeran, jokalariek jarri ez dituzten beren bi koloreetako blokeen laukiak zenbatuko dituzte. Lauki gutxien dituen jokalariak irabaziko du.
Hiru jokalari
Jokalari bakoitzak kolore bateko 21 blokeak hartuko ditu. Laugarren koloreko blokeak hiru jokalariek jarriko dituzte taulan.
Jokalari bakoitzak txanda batean bere koloreko blokeak jarriko ditu eta, hurrengo, txandan laugarren koloreko blokeak jarriko ditu.
Jokatzeko koloreen ordena aurretik adosten da.
Jokatzeko modua berdina da.
Bukaeran, jokalariek beren koloreko blokeen laukiak zenbatuko dituzte. Lauki gutxien dituen jokalariak irabaziko du. Laugarren koloreko blokeak ez dira kontuan hartzen.
Puntuazio aurreratua
Jokalari bakoitzak taulan jarri ez dituen blokeen laukiak zenbatuko ditu: lauki 1 = -1 puntu. Jokalari batek taulan bere bloke guztiak jarri baditu, 15 puntu irabaziko ditu. Jokalari batek taulan jarri duen azken blokea minoa (lauki batekoa) bada, 5 puntu irabaziko ditu.
Iturriak
Eskuko arauak: Blokus. Mattel.
Wikipedia (en)