camino
Camino Jorge Luengok 2025ean sortutako jokoa da, eta Falomir-Juegos enpresak ekoitzi du. Egituraketa-jokoen artean, lerrokadura-jokoa da; izan ere, jokoaren helburua irteera eta helmugaren artean bide bat eraikitzea da.
Falomir-Juegos enpresak egindako jokoan, taula sei piezako puzzle gisa prestatu dute. Pieza bakoitza triangelu aldekide handi bat da.
Osagaiak eta hasiera
Taula sei triangelu aldekidez osatutako hexagonoa da. Triangelu horietako bakoitza 25 triangelu aldekidez osatuta dago, 5 aldeko. Hau da, hexagonoaren aldean bost triangelu aldekide daude. Hortaz, 150 triangelu aldekide daude hexagonoan. Horiek dira fitxak jartzeko posizioak. Dena dela, zentroko sei triangeluak hexagono batean sartzen dira eta ez dira kontuan hartzen.
Jokoak 60 fitxa triangeluar ditu hiru loturarekin eta 60 fitxa triangeluar ditu bi loturarekin. Fitxak poltsa batean daude eta jokalari guztienak dira. Hiru loturako fitxak bideak egiteko dira onak. Bi loturako fitxak, ordea, bideak eteteko dira onak; hala ere, bi loturako fitxak bideak egiteko ere erabil daitezke.
![]() |
Hiru loturako fitxa |
![]() |
Bi loturako fitxa. |
Bitik seira jokalarik har dezakete parte. Bakoitza hexagonoaren alde baten aurrean eseriko da, beti ere simetrian.
Helburua, hexagono handiaren alde bat eta zentroko hexagonoaren alde bat fitxen bide batez lotzea da.
Arauak
![]() |
| Berde argiz jokalariaren aldeko hasteko bost posizioak dira. Berde ilunez zentroko hexagonoaren aldeko hasteko posizioa da. |
Jokalariak hexagonoaren alde baten aurrean eseriko dira. Alde horretan, jokalariak bost posizio (triangelu) izango ditu hasteko.
Hasieran 120 fitxak poltsa batean sartzen dira eta bertan nahasi egiten dira.
Lehenengo partida jokalaririk zaharrenak hasiko du. Hurrengoa aurreko partidaren irabazleak hasiko du.
Bere txandan, jokalariak bi fitxa hartuko ditu poltsatik, begiratu gabe. Ondoren, irizpide hauen arabera jarriko ditu taulan:
- Jokalariaren hasierako aldean fitxa bat jarriko du (bost posizio jokalari bakoitzeko).
- Zentroko hexagonoaren sektoreko alde ondoko posizioan (bat bakarrik jokalari bakoitzeko) fitxa bat jarriko du.
- Taulan dagoen beste fitxa baten ondoan fitxa bat jarriko du. Mahaiko fitxak eta fitxa jarri berriak alde komun bat izan behar dute, ez du balio erpinez elkartzea.
![]() |
| Fitxa gorria ez dago ondo jarrita, ez duelako alde komun bat fitxa zuriarekin. Fitxa berdea, aldiz, ondo jarrita dago, alde komun bat duelako fitxa zuriarekin. |
![]() |
| Jokalariaren bide guztiak eten zaizkio puntu gorrietan. Hortaz, kanporaturik geratu da. |
Fitxak ezin dira taulatik kanpo edo beste fitxa baten gainean jarri, ezta zentroko hexagonoaren barruan ere.
Jokalariak bere bi fitxa jarri dituenean, txanda bukatzen zaio. Hurrengo txanda eskuineko jokalariari dagokio.
Jokalari bati hasierako posizioetatik irekitako bide guztiak eteten bazaizkio, ezingo du bere helburua lortu eta, beraz, kanporaturik geratuko da.
![]() |
| Jokalariak bere aldetik zentroko hexagonoraino bide berde bat osatu du. Adar gorria eten diote. Adar berde iluna luzatu zaio. |
Hexagono handiaren aldea eta zentroko hexagonoaren alde bat fitxen bide batez lotzen duen jokalariak irabaziko du. Bide irabazlean beste jokalariek jarritako fitxak ere egon daitezke.
Azken fitxa jartzean, bi jokalariren edo gehiagoren bideak zentroko hexagonoarekin lotzen badira, bere txanda bukatzean bidea loturik duen jokalariak baino ez du irabaziko.
Orduan, partida hiru modutan amaitu daiteke:
- Jokalari batek bere helburua lortzen badu.
- Jokalari guztiak bat izan ezik kanporatuta geratzen badira, geratzen den jokalaria izango da irabazlea.
- Zentroko hexagonoaren aldeak etenda geratzen badira edo fitxa guztiak bukatzen badira jokalari batek ere bere helburua lortu gabe, bide luzeena duen jokalariak irabaziko du, bideko fitxa bakoitza behin bakarrik zenbatuz.
Iturriak
Eskuko arauak: Jorge Luengo, Falomir Juegos.





