cent - piquet
![]() |
Margarita Nafarroakoaren Heptamerona. 1853ko edizioa, Paris. Zarrantzako museoa. Argazkia: Xabier Artola Zubillaga, 2020. |
1540ko hamarkadan, Margarita Nafarroakoak L’Heptameron lana idatzi zuen. Honela azaltzen du Heptamerona euskaratzen ari den Xabier Artolak:
Heptamerona Nafarroako Margarita erreginak idatzi zuen XVI. mendean; non eta, bada Zarrantzan hain zuzen ere. Eta ez da soilik herri honetan egindako egonaldi batean idatzi zuela, antza, obraren parterik handiena, baizik eta herri honetan kokatu zuela istorioak harilkatzen dituen gertaera oinarrizkoa: oso urrun ez dagoen Cauterets herrian eta inguruetan izandako uholde handitik ihesi datozela, eta aipatutako ibai handia zeharkatu ezinik dabiltzala, Zarrantzako santutegian elkartzen ditu autoreak bere pertsonaiak. Pertsonaia horiek, Dekameronekoen antzera hemen ere denbora pasatzeko moduren bat behar dutenez –ibaiak dakartzan urak jaitsi eta beren bideari jarraitu ahal izan arte, behintzat–, istorioak kontatzen jarriko ditu Margaritak: hamar pertsonaia; zazpi egun (hortik, noski, argitaratu zenean obrari eman zitzaion izena); hirurogeita hamabi istorio guztira (badirudi lana zeharo amaitu gabe hil zela egilea).
Lagun horien istorioak, beraz, kontatzen ditu Margarita Nafarroakoak, zazpi egunetan banaturik. Seigarren eguneko LIX. istorioan honela dio (Xabier Artolaren itzulpenean):
Biharamunean, bazkaldu zutelarik, zaldunak nehoiz ez bezala egin zion begitarte emazteari, zeina ez baitzuen hark biziki laketgarri kausitu; baina hain ongi egin zuen itxura, ezen gizona ez baitzen ohartu. Bazkalondoan, galdatu zion emazteak ea zertan emanen zuen denbora. Gizonak erran zion ez zuela deus hoberik ezagutzen ehunetan ibiltzea baino. Eta berehala muntatu zuten jokorako behar guzia; baina damak alegia egin zuen ez zuela ibili nahi, aski laket zuela begira egotea. Eta gizona, jokoan hastear zela, huts egin gabe joan zitzaion neskato hari, erranez ez ahanzteko egin promesa. Jokoan hasi zelarik, berriz, salatik pasatu zen neskatoa, eta zeinu egin zion nagusi andereari egin beharra zuen erromesaldia adieraziz; hark biziki ongi ikusi zuen, baina gizona deusez ere ez zen ohartu. Nolanahi den dela, handik oren batera, bere sehietarik batek urrunetik zeinu egin ziolarik, erran zion emazteari buruko minez zegoela, eta aire hartzerat eta pausatzerat joan beharra zuela.
“Ehunetan ibiltze” horrek cent karta-jokoari egiten dio erreferentzia.
Urte gutxi batzuk lehenago, 1534an, François Rabelais-ek La vie inestimable du grand Gargantua, père de Pantagruel lana argitaratu zuen, eta bertan ere, kapitulu batean, cent jokoa agertu zen Gargantuak praktikatzen zituen ehunka jokoen artean:
![]() |
Gargantuaren jokoen zerrenda. Oeuvres de François Rabelais, contenant la vie de Gargantua et celle de Pantagruel. Paul Lacroix, Paris, 1854. Gallica, BnF-ren biblioteka digitala. |
Puis, tout lourdement grignotant d’un transon de graces, se lavoit les mains de vin frais, s’escuroit les dens avec un pied de porc et devisoit joyeusement aves ses gens. Puis, le verd estendu, l’on desployoit force chartes, force dez, et renfort de tabliers. Là jouoyt:
Gero, esker-emate pilo bat pixka bat marmartu ondoren, eskuak ardo freskoz garbitzen zituen, hortzak txerri-hankarekin garbitzen zituen eta pozik eztabaidatzen zuen bere jendearekin. Gero, mahai-tapiz berdea zabalduta, karta-sorta, dado eta joko-taula asko ateratzen ziren. Han jolasean ari ziren:
au fleux,
au cent, (2.a)
à la prime,
à la vole,
…
à la ronfle, (25.a)
…
au picquet, (74.a)
…
Lehenengo edizioan (Pocket, 2018) 143 joko agertu ziren; 1542ko edizioan zerrenda luzatu zen. Edizio batzuetan 217 joko daude, bai eta batean 227 joko ere aurkitu dugu.
Baliteke Rabelais Margarita Nafarrakoaren Nerac-eko gazteluan egon izana. Izan ere, Nerac intelektualendako gune eta protestanteak eta katolikoak bakean bizitzeko hiria izan zen. Neracen egon edo ez, bion artean harremana egon zela frogatzen du Rabelaisek hirugarren liburuaren hasieran idatzi zuen eskaintzak:
François Rabelais à l’esprit de la royne de Navarre François Rabelais Nafarroako erreginaren argitasunari
Esprit abstraict, ravy, et ecstatic, Argitasun abstraktu, estasiatua eta sutsua,
Qui frequentant les cieulx, ton origine, zeruak, zure jatorria, maiz bisitatzen duena
As delaissé ton hoste et domestic, zure apopilo eta morroia abandonatu egin duzu,
Ton corps concords, qui tant se morigine zure gorputza utzita, hainbeste gaitzesten duzuna
A tes edictz, en vie peregrine, zure ediktuekin, bizitza bidaiari honetan,
Sans sentement, et comme en Apathie ; sentimendurik gabe eta apatian bezala,
Vouldrois tu poinct faire quelque sortie ez al duzu alde egin nahi
De ton manoir divin, perpétuel ? zure etxe zerutiar eta betierekotik,
Et ça bas veoir une tierce partie eta hemen behean ikusi
Des faictz joyeux du bon Pantagruel ? Pantagruel zintzoaren abentura alaien hirugarrena?
Margarita Nafarroakoaren obraren nondik norakoak ikusi baizik ez dago ulertzeko azken aldian haren irudia berreskuratzeko egiten ari diren ahaleginak eta zergatik dioen ikertzaile askok Errenazimentuko perla ahantzia dela.
Piquet XVI. mendearen hasieratik ezagutzen da, baina mende horren zatirik handienean cent izenarekin ezagutu zen, 100 puntura iritsi behar zelako irabazteko. Hala agertzen da Rabelaisek 1534an sortutako Gargantua erraldoiaren jokoen zerrendan. Zerrendak picquet izena ere jasotzen du, baina zerrendan askoz beherago, ekintza-jokoen atalean, 74. posizioan, karta-jokoei eskainitako hasierako ataletik urrun. Baliteke Rabelaisen zerrendako hirugarren sarrera batek, 25. posizioko ronfle izenekoak piqueti lagundu izana. Capot bezala, ronfle jokoaren ezaugarri nabarmen bat da, gaur egun puntu bezala ezagutzen dena, hau da, serie bateko karta kopuru handiena duena. Izen hori bereziki interesgarria da, 1454tik aurrera karta-jokoen zerrenda frantses batean sarrera gisa agertzen baita. Bere garaikidea den Italiako ronfa jokoaren oso antzekoa dirudi, non jokalariak gehien baloratutako seriea nork zuen lehiatzen ziren.
Henry Jones Cavendish-ek (1831-1899), Treatise on Piquet (Piqueti buruzko tratatua) lanean, izenaren balizko eratorpen bat iradoki zuen frantsesezko pique (pika seriea) hitzetik, agian karta-sorta frantsesarekin jokatutako jokorik bereizgarriena izendatzeko, beste herrialdeetako serie desberdinetako karta-sortekin jokatutakoetatik bereizteko. Thierry Depaulis jokoen ikertzaileak, ordea, ez du hori uste. Depaulisen arabera, piquet puntuazioaren ezaugarri nagusitik dator: pic edo pique. Pique, repique, baita capote ere, gaztelaniaz frantsesez baino lehenago agertzen direnez, jada XVI. mendean, piquet izena gaztelaniazko pique hitzetik eratorria izan liteke. Espainiako RAEk pique hitzaren adiera hau jasotzen du: “los cientos (ehun) jokoan, jokaldia, non eskua denak 60 puntu zenbatzen dituen aurkariak bat kontatu baino lehen. Hori gertatzen da jokatzen eta zenbatuz doanean eta 30 zenbakira iristen denean, horren ordez, 60 kontatzen du.” Tamalez, Espainia aldeko los cientos (ehun) jokoaren paper zehatza eta historia froga idatzietan eskasa izan dira.
Ingalaterran, 1532an aipatzen da saunt izenarekin. XVI. mendearen amaieran bakarrik hasi ziren piquet izen hau cent/saunt jokoari aplikatzen, bere lehen agerpena, Frantzia aldean, 1595ean izan zelarik picquet-capot konposatu forman, beharbada Rabelaisek aipatutakoa bezalako beste jokoren batetik bereizteko.
Ingalaterran, cent batzuetan hundred deitzen zen XVII mendean (Oxford English Dictionaryk bi aipamen ematen ditu). Piqueten lehen erreferentzia, bere horretan, J. Hall-en Horae Vacivae (1646) lanean dator. Hortik aurrera piquet ohiko izena da eta hurrengo edizioetan aldizka agertzen da, askotan leku harrotasunez, bai eta Charles Cotton-en 1674ko Compleat Gamester (Jokalari osoa) lanean ere.
Cavendishek cent eta piquet arteko aldaketa honela azaldu zuen: “Maria I.a Espainiako Felipe II.arekin ezkondu zen garaitik (1554), jokoaren gaztelaniazko [cientos] izenaren baliokide [hundred] ingelesa zegoen modan. 1625ean, Karlos I.a Henrike IV.a Frantziakoaren alabarekin ezkondu zen. Frantziako printzesa bat iritsi zenean, frantsesezko piquet izena gaztelaniazko izenaren ordez jarri zen.”
Samuel Weller Singer-ek, Researches into the History of Playing-Cards (Joko-karten historiari buruzko ikerketak) (1816) lanaren egileak, cientos jokoa aipatu zuen eta hau esan zuen: “Joko hau jatorriz espainiarra zenez, eta piquet jokoaren antza izan duela dirudienez ,[...] ez al zuten frantsesek hartuko, aldaketa batzuekin, izena aldatuz besterik gabe?”
Cavendishek jatorriaren kontua are gehiago nahasten du, esanez: “Singerrek jokoa Espainian sortu zela iradokitzen du. Probableagoa da, ordea, cientos jokoa ronfa joko italiar eraldatua izatea, izen aldaketarekin.”
Gaztelaniazko hiztegi goiztiar bakar batek ere, Depaulisen arabera, (Covarrubias 1611; Autoridades 1729) ez du hitz bat ere arauei buruz eta erabilitako karta kopuruari buruz. Covarrubiasek dio “todo lo conosco (mundu guztiak daki)”; Autoridadesek ez du aipatzen. Diccionario de la Real Academia aldizkariaren 1780ko edizioak, azkenean, deskribapena du: “karta-sorta arrunt batetik (hots, 40 kartakoa), hirukoak eta seikoak ateratzen dira, horrela 32 utziz, 7koak, 5ekoak, 4koak eta 2koak mantenduz... Balioak ere ez dira ezagutzen.”
Agustín Moreto (1618-1669) poeta gaztelauak joko hau eta beste bat aipatzen ditu bertso honetan:
Y si à otro juego tè metes Eta beste joko batean sartzen bazara
A los Cientos te dan sietes Ehunetan zazpikoak ematen dizkizute
Y a la Primera figuras. Eta lehenean beltzak
Piquet jokoak bi jokalarirentzako jokorik garrantzitsuena izaten jarraitu zuen XVIII. mendean zehar, cribbage bera ere eklipsatuz. Edmond Hoylek, 1743an bere Short Treatise on Whist (Whist-ari buruzko tratatu laburra) lanaren arrakastaren ondoren, piqueti antzeko arreta eman zion hurrengo urtean. Oro har, karta-jokoaren eta, bereziki, piquet jokoaren gune nagusietako bat Bath izan zen, non dirutza handiak irabazi eta galdu zituzten jokalariek, baita ikusleek ere.
Manuel Larramendiren 1754ko Corografía ó descripción general de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa laneko DE LAS FIESTAS, JUEGOS, ENTRETENIMIENTOS Y DANZAS QUE USAN EN GUIPÚZCOA atalean, 196. orrialdean, hau irakur daiteke:
En los grandes los juegos son los de naipes en todas sus especies, revesino, malilla, cientos y otros nombres y los de envite.
Beraz, Gipuzkoan ere ezaguna zen cent (cientos) jokoa XVIII. mendean.
XIX. mendean ere garrantzi handia izan zuen, Jane Austen eta Charles Dickens bezalako autoreek aipatu zutelarik. Mende horren amaiera aldera piquet au cent, edo hundred up piquet, joko zaharra rubicon piquet izeneko joko berriak ordezkatu zuen. Rubiconen arau ofizial eta aginduzkoak Cavendishek eta beste batzuek idatzi zituzten 1873an, Londresko Portland eta Turf klubek enkargatu, onetsi eta argitaratu zituztelarik. Arau horiek estandartzat hartzen dira gaur egun ere, eta jokoa antologia handi guztietan mantentzen da, bi mundu gerren artean jokatzeko ohitura galdu bazen ere.
![]() |
Gibson and Gisborne-k Londresen 1782an editatutako karta-sortaren kopia. |
Osagaiak eta hasiera
Joko honetan 32 kartako karta-sorta frantsesa erabiltzen da eta karten hierarkia ohikoa da, handienetik txikienera: A, K, Q, J, 10, 9, 8, 7.
Zenbakidun kartek zenbakiak adierazten duen balioa dute. Beltzek 10 puntu balio dute eta batekoek 11 puntu.
Bi jokalarirentzako jokoa da. Hiru eta lau jokalarirentzako aldaerak ere badaude.
Joko bakoitza sei eskuz osatutako partida bat da. Puntu gehien lortzen dituen jokalariak irabazten du.
Arauak
Esku batek hiru zati ditu: karta kopuru bat baztertzea eta piloko kartekin ordezkatzea eskua hobetzen saiatzeko, eskuan hainbat kategoriatan deklaratuz, eta gero kartak altxaldietan jokatzea.
Jokalarien artean txandakatzen da banaketa. Jokalariek karta bana hartzen dute; kartarik altuena hartzen duenak erabakitzen du zein hasten den kartak banatzen; orokorrean, bera izango da lehena banatzen, azken eskuan banatzailea ez izateak abantailatxoa duelako.
Kartak ondo nahasi behar dira. Jokalari bakoitzari 12 karta ematen zaizkio, eta gainerako 8 kartak pilo batean uzten dira ahoz behera erdialdean. Banatzaileak 3naka edo 2naka bana ditzake kartak, baina gainerako bi eskuetan modu berean banatu behar ditu.
Kartak banatzen dituen jokalaria esku gaztea da, eta banatzen ez dituen jokalaria esku nagusia da.
![]() |
A esku gazteak kartak banatu ditu. B esku nagusiak 4 karta baztertu eta piloko goiko 4 kartak hartuko ditu. A esku gazteak karta zuria esan du eta 10 puntu eskuratu ditu; ondoren 4 karta baztertu eta piloko azken 4 kartak hartuko ditu. |
Jokalari batek eskua beltzik (J, Q, K) gabe jasotzen badu, karta zuria esan eta 10 puntu lortuko ditu. Ikusi bezain laster jakinarazi behar da. Esandakoa kartak mahaira buruz gora azkar eramatean frogatzen da, aurkariak haren kartak baztertu ondoren baina norberak kartak baztertu aurretik. Hala ere, zuzentasuna zaintzeko, protokolo formal bati jarraitu behar zaio:
Esku nagusiak carte blanche (karta zuria) esaten badu:
- aldatuko dituen karta kopurua esango du eta kartak albo batera utziko ditu;
- esku gazteak aldatuko dituen karta kopurua esango du eta kartak albo batera utziko ditu;
- esku nagusiak esku osoa erakutsiko du laburki, albo batera utzitako kartak barne.
Esku gazteak carte blanche (karta zuria) esaten badu:
- Esku nagusiak kartak trukatu ondoren, esku gazteak esku osoa erakutsiko du laburki.
Karten trukea
Esku nagusiak karten trukea egingo du lehenik, eta gutxienez karta bat eta gehienez bost baztertu behar ditu buruz behera (praktikan, esku nagusiak ia beti 5 trukatuko ditu). Ondoren, piloaren goiko aldeko karta kopuru bera jasoko du. Ondoren, esku gazteak gauza bera egingo du, gutxienez karta bat eta, gehienez ere, nagusiak hartu gabeko karta kopurua (normalean 3) baztertuz, eta pilotik karta kopuru bera hartuz. Jokalariren batek baimendutako maximoa baino gutxiago trukatzen badu, kartak jaso aurretik jakinarazi beharko du. Jokalari bakoitzak bere bazterkinak gordetzen ditu alboan, eta jokoan zehar begira ditzake, zer baztertu zuen gogoratzeko.
Nagusiak bost karta baino gutxiago trukatzen baditu, bostera arte pilo gaineko kartak begira ditzake. Kadetearen trukeak baimendutakoa baino gutxiago badira, maximora arte gainontzekoa (bi jokalarien aurrean) erakutsi ahal izango du, nagusiaren ondoren.
Kategoriak
Hiru kategoria daude puntuak jasotzeko. Kategoria bakoitzean puntu gehien dituenak baino ez ditu puntuak jasoko.
- Puntua. Kolore bateko karta kopuru handiena da. Esaterako, nik kolore bateko sei karta ditut.
- Segida. Kolore bateko ondoz ondoko karten segidarik luzeena (gutxienez 3). Esaterako, nik kolore bateko ondoz ondoko bost karta ditut.
- Hauek dira segidak:
- hirugarrena (tierce) (3 karta, 3 puntu);
- laugarrena (quart) (4 karta, 4 puntu);
- bosgarrena (quint) (5 karta, 15 puntu);
- seigarrena (sixième) (6 karta, 16 puntu);
- zazpigarrena (septième) (7 karta, 17 puntu);
- zortzigarrena (huitième) (8 karta, 18 puntu).
- Multzoa. Maila bereko karta-multzoa da. Esaterako, nik laukote bat daukat. Bi mota daude:
- quatorze izenekoa laukoteak dira: lau batekoak, lau erregeak, lau damak, lau xangoak edo lau hamarrekoak, eta 14 puntuatzen dute;
- trio izenekoa hirukoteak dira: hiru bateko, hiru errege, hiru dama, hiru xango edo hiru hamarreko, eta 3 puntuatzen dute.
Kontuan izan 9koen, 8koen edo 7koen multzoak ez direla kontuan hartzen.
Hiru kategoria horiek ez dute elkar baztertzen, hiruretan aldi berean lor daitezke puntuak.
Aitorpenak
Esku nagusia hasten da bere konbinaziorik onena aitortuz kategoria bakoitzean, normalean emandako ordenan. Aitorpen bakoitzaren ondoren, esku gazteak “ona da” esaten badu, nagusiaren konbinazioa hobea da eta puntuatu egin dezake; “ez da ona” esango du esku gazteak konbinazio hobea badu; edo “berdina da” esango du, kasu horretan esku nagusiak informazio gehiago emango du eta esku gazteak “ona da” edo “ez da ona” erantzungo du, edo “berdina da” zehazki berdinak badira, kasu horretan ez du jokalari batek ere puntuatzen.
Luzera berdineko puntuak karta bakoitzaren balioa gehituz alderatzen dira. Luzera berdineko segidak karta altuenaren arabera konparatzen dira; adibidez, A-K-Q segidak K-Q-J segida gainditzen du. Edozein laukotek edozein hirukoteri irabazten dio, eta bi laukote edo bi hirukote konparatzean, maila altuagoko kartak dituenak irabazten du.
Segida irabazlea duen jokalariak duen beste edozein segida puntua dezake. Beste jokalariak ez du ezer puntuatzen segidetarako. Era berean, hirukote edo laukote hobea duen jokalariak beste edozein hirukote edo laukote ere puntua ditzake, baina beste jokalariak ez du ezer puntuatzen edozein hirukote edo laukoteetarako.
![]() |
![]() |
![]() |
B esku nagusiak dio: nik kolore bateko bost karta ditut. A esku gazteak dio: ez da ona; nik sei ditut. Orduan, A esku gazteak sei puntu eskuratzen ditu. Guztira, A esku gazteak 16 puntu ditu. | B esku nagusiak dio: kolore bateko ondoz ondoko bost karta ditut. A esku gazteak dio: ona da. Orduan, B esku nagusiak 15 puntu eskuratzen ditu bosgarren horiengatik. B esku nagusiak laugarren bat duenez, 4 puntu gehiago lortuko ditu. Guztira, B esku nagusiak 19 puntu ditu. Horrela, repike eta pike egiteko aukerak galtzen dira. | B esku nagusiak dio: hirukote bat daukat. A esku gazteak dio: berdina da. Orduan, B esku nagusiak dio: Qen hirukotea da. Eta A esku gazteak dio: batekoen hirukotea da. Ondorioz, A esku gazteak 3 puntu eskuratzen ditu. Guztira, A esku gazteak 19 puntu ditu. |
Esku nagusiak aitorpenak egin ondoren, karta bat ateratzen du, eta gero, esku gazteak “ez ona” esan duen edo esku nagusiak aitorpenik egin ez duen kategorietako konbinazioak aitortu eta puntuatzen ditu.
Esku nagusiak lehen altxaldiko karta atera ondoren, bi jokalarietako edozeinek galde dezake puntuatu den edo berdintasunagatik puntuaziorik eragin ez duen edozein konbinazio ikusteko, nahiz eta praktikan hori oso gutxitan den beharrezkoa, normalean kartak zeintzuk diren ondoriozta baitaiteke. Adibidez, hiru damaren aitorpen baten ondoren, zein dama falta den galde dezakezu. Ez da derrigorrezkoa zure konbinaziorik onena aitortzea (edo kategoria batean ezer aitortzea, inondik inora), kartak ezkutatuz jokaldian abantailaren bat lor dezakezula uste baduzu, edo garaitua izatea ziurra dela uste baduzu. Konbinazio bat nahita ez aitortzea aitorpena hondoratzea da. Adibidez, hamarrekoen hirukotea bakarrik baduzu eta ziur bazaude aurkariak batekoen hirukote bat duela, ez du zentzu handirik hamarrekoen hirukotea aitortzeak. Hala ere, behin esku nagusiak aitorpen bat egiten duenean, ezin du goragoko bat aitortu esku gazteak “ez ona” edo “berdina” esan badu, eta esku nagusiak ezin ditu ezkutuko konbinazio hobearen puntuak hartu esku gazteak “ona” esan badu.
Repike eta pike
Jokalari batek aitorpenetan 30 puntu lortzen baditu, bere aurkariak aitorpenetan ezer lortu baino lehen, 60 puntu gehiago balio duen repike bat irabaziko du. Aurkariak puntuak lortu baino lehen 30 puntu lortu diren erabakitzerakoan, repike bat eskuratzeko, puntuak hurrenkera honetan zorrozki kontuan hartzen dira:
- Karta zuria
- Puntua
- Segida
- Multzoa
- Jokoan egindako puntuak
Adibidez, demagun esku nagusiak ez duela puntu bat edo segida bat aitortu, baizik eta lau bateko aitortu dituela. Esku gazteak bi quint (bosgarren) aitortzen baditu 30 punturekin, esku gaztearentzat repike bat balio du. Era berean, esku nagusiak 30 puntu lortzen baditu segida eta multzoetarako, baina esku gazteak puntu hobea badu, nagusiak ez du repike bat puntuatzen, repike lortzeko puntua segidaren aurretik zenbatzen delako.
Aurkariak ezer puntuatu aurretik, aitorpenetan eta jokoan 30 puntu lortu dituen jokalari batek pike bat irabazten du, 30 puntu gehiago balio duena.
Pikerako puntuazioak benetan gertatzen diren ordenan kontatzen dira. Izan ere, esku nagusiak beti puntu bat lortzen duenez lehenengo altxaldiko karta ateratzeagatik, esku gazteak ezer aitortu edo punturik lortu aurretik, esku nagusiak bakarrik lor dezake pike bat.
Aitorpen batean berdintzeak ez du pike edo repike bat eragozten.
![]() |
![]() |
B esku nagusiak badaki A esku gazteak hiru batekoak dituela; beraz, bere hirusta guztiak aterako ditu ahalik eta puntu gehien lortzeko. Eskuan dituen bost hirustekin 5 puntu lortu ditu. Ondoren, bederatziko bihotza atera du, eta puntu bat gehiago lortu du. Beraz, guztira, B esku nagusiak 25 puntu ditu. Orduan, A esku gazteak bateko bihotza bota du eta altxaldia irabazi du, puntu bat. Guztira, A esku gazteak 20 puntu ditu. | Hurrengo sei altxaldietan A esku gazteak atera ditu kartak; beraz, 6 puntu lortu ditu. Eta azken altxaldia irabazteagatik beste puntu bat lortu du. Horrez gain 12 altxaldietatik 7 irabazi dituenez, altxaldien 10 puntuak irabazi ditu. Orduan, guztira, A esku gazteak 37 puntu ditu. Hortaz, esku honetan, B esku nagusiak 25 puntu lortu ditu, eta A esku gazteak 37 puntu. |
Jokaldiak
Jokoa triunforik gabeko altxaldietan jokatzen da, eta koloreari jarraitu behar zaio. Karta bat ateratzen den bakoitzean puntu bat irabazten da. Puntu bat jasotzen da aurkariak ateratako karta bat irabazteagatik. Puntu gehigarri bat dago azken altxaldia irabazteagatik. Edozein jokalarik edozein unetan aztertu ahal izango ditu dagoeneko jokatutako altxaldien kartak.
Altxaldi gehien irabazten dituen jokalariak 10 puntu irabaziko ditu kartetan, edo 40 puntu 12 altxaldiak, kapot, irabaziz gero. Ez da puntuatzen jokalari bakoitzak 6 altxaldi irabazten baditu. Altxaldiei dagozkien 10 puntuak edo kapotari dagozkion 40 puntuak ezin dira zenbatu pike bat lortzeko.
Iturriak
David Parlett: A History of Card Games. Oxford University Press, Oxford, 1991.
François Rabelais: Gargantua y Pantagruel. Acantilado, Bartzelona, 2024.
François Rabelais: Gargantua. Pocket, Paris, 2018.
Naipes (4). Altaya, Bartzelona, 1998.
Philippe Lalanne: http://salondesjeux.fr/piquet.htm (2025-05-11)
Manuel Larramendi: Corografía ó descripción general de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa, Bartzelona, 1882.
https://www.euskalmemoriadigitala.eus/applet/libros/JPG//010209/010209.pdf
John McLeod: https://www.pagat.com/notrump/piquet.html (2025-05-09)
David Parlett: https://www.parlettgames.uk/histocs/piquet.html
http://ldm.phm.free.fr/Oeuvres/GargantuaFM.htm
https://www.proquest.com/openview/45a4543980fbce51bd3e5c62a10be1c9/1?pq-origsite=gscholar&cbl=41429
https://www.jstor.org/stable/20061415?read-now=1&seq=1#page_scan_tab_contents
Bibliothèque nationale de France: https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/btv1b86000454/f15.item
Wikipedia (en)
Wikipedia (fr)