daldosa
Daldøs da Danimarkan joko honek hartzen duen izena. Norvegian, aldiz, daldøsa du izena. Biak joko bera direnez bioi buruz hitz egingo dugu hemen.
Norvegian, Ragoland konderriko Jaeren barrutian baino ez da ezagutzen; are gehiago, han Ipar itsasoko kostaldeko hondartzetako etxaldeetan soilik ikusten da. Datu horrek eta taularen itsasontzi-itxurak eta peoien posizioak zuloak izateak (itsasoan jokatzen denean, praktikoa izan daitekeena) iradokitzen dute jokoaren jatorria itsasoarekin lotura duten herrietan bilatu behar dela. Daldøsa izena da, dudarik gabe, jokoaren ezaugarri bitxiena, inork ez baitu oraindik horren esanahia argitu.
Peter Michaelsen-ek iradokitzen du daldøs(a) izenaren azken zatia –døs [dø's] Jutlandiako Fanø, Mors eta Thyko dialektoetan, dos [do:s] Bornholmeko dialektoan, døsa Jaeren norvegierazko dialektoan–, ziurrenik, dus – dado bateko bia– hitzarekin lotuta dagoela, eta hori, alemanaren bidez, frantses zaharreko deus (gaurko deux) hitzetik. Daldøs(a) izenaren lehen zatiaz, ordea, dalaren etimologia zalantzazkoa dela dio. Alf Naesheim-ek ingelesetik eratorpen bat iradokitzen du. Dalies hitzez ari da: haur jolasa, hezur txikiekin edo egur gogorreko piezekin jolastua. Daldøs hitzaren bi zatien arteko lotura semantikoa ere zalantzazkoa da.
Bigarren Mundu Gerran zehar daldøsa jokoa asko zabaldu zen, egoerak familiarteko jardueretara bultzatzen baitzuen. Gerra bukatuta, jokoa baztertzen joan zen, ia desagertzeraino. Baina 1968an, Ola Barkved-ek idatzi zuen daldøsa jokoari erreparatu zion lehen artikulua, historia lokaleko aldizkari batean: Eit gammalt morospel (Aspaldiko joko dibertigarria), Frå by og bygd i Rogaland, Bryne. Artikulu hark jokoarekiko interesa berpiztu zuen. Areago, Barkvedek Norvegiako 100 koroako sari eskaini zuen jokoaren informazioagatik. Egun batez, Skalk (Kjær, 1975) aldizkari arkeologiko daniarrean artikulu bat irakurri zuen gizon baten gutuna jaso zuen Barkvedek. Artikulu hark Jutlandiako Thy-ko museo batean ikus zitekeen daldøs izeneko joko zahar bitxi bat aipatzen zuen. Informazio hori oso interesgarria izan zen, bi tokietan hipotesia zelako jokoa, mendeetan zehar bizirik iraun zuena, eskualde horretan bakarrik ezagutzen zela. Orduan bi jokoak ia berdinak ziren. Jokoaren arauak berdinak ziren. Desberdintasun bakarra hauxe zen: dadoetako baliorik garrantzitsuena, dal izenekoa, Thyn A batez eta Jaerenen X batez adierazten zela, eta Thyn 16 peoi erabiltzen zirela ilara bakoitzean, Jaerenen 12 bakarrik erabiltzen ziren bitartean.
Taulak, peoiak eta dadoak zurez egiten ziren, etxalde bakoitzean. Peoien goiko aldeek hainbat forma zituzten: karratuak, biribilak, bihotzak… Taula horiek ez zuten luze irauten, materialagatik eta, bat hondatzen zenean, berri bat egiten zutelako. Zaila da edozein etxaldetan berrehun urte baino gehiago dituzten taulak aurkitzea. Museo batean dagoen daldøsa joko bakarra Jaermuseet museoan dago (Kvia, Naerbø) eta Hå herritik dator.
Danimarkan ez bezala, Jaerenen jokoak etenik gabeko tradizioa du gaur egun arte, baina ziurrenik lehenago ezagunagoa izan zen. Mapari erreparatuz gero argi geratzen da daldøs(a) ezagutzen diren bost lekuek –Jaeren, Thy, Mors, Fanø eta Bornholm– hedapen geografiko oso mugatua dutela. Zalantzarik gabe, merkataritza-lotura garrantzitsuak egon dira, eta, ziurrenik, baita eskualde horien arteko kultura-lotura oso estuak ere.
Jens Peter Jacobsen nobelagile daniarraren 1876ko Fru Marie Grubbe (Marie Grubbe andrea) lanean honako testua irakur daiteke: “Iraileko egun euritsua zen, Ulrik bere zakurrekin jolastu zen barruan, irakurtzen saiatu zen eta Marie-rekin daldøs-ean aritu zen.” Marie Grubbe andrea 1642tik 1718ra bizi izan zen pertsona historikoa da. Frederik III.a erregearen seme Ulrik Frederik Gyldenløve-rekin (Urrezko lehoia) ezkonduta zegoen. Lerro haiek jakin-min handia sortu zieten bere herrikide batzuei, zein joko izan ote zitekeen joko hura.
Jacobsen bere esperientzia propioan oinarritu zen daldøs jokoa eleberrian sartzeko; izan ere, gaztetan Thyko kostaldera osaba ikustera joaten zenean, osabaren auzokoaren arreba gaztearekin jokatzen zuen. Urteen poderioz, neska hark, ordurako Bille andrea zenak, gaur egun Thisted Museoan ikus daitekeen daldøs jokoa eman zuen dohaintzan.
Daldøsa jokatzen den Norvegiako Rogaland eskualdea eta daldøs jokatzen den Danimarkako Thy, Mors eta Thisted herrien eskualdea Skagerrak itsasartearen bi aldeetan daude.
Garaiko zaleek Ordbog over det danske Sprog (ODS: 453; ODS Gehi.: 1047) hiztegi daniar handiena kontsultatu bazuten, jokoari buruz oso gutxi kontatzen zuela ikusiko zuten: soilik spilla daldôs Bornholm-eko dialektoan erabiltzen zen esaera bat zela, adiera honekin: “norbere jabetza espekulazioz galtzea” (J.S.C. Espersen 1908: 46). Eta hitza Jutlandiako hego-mendebaldeko kostaldearen parean dagoen Fanø uhartean ere lekukotzen da, non, H. F. Feilberg-en Jutlandiako dialektoen hiztegiaren arabera, daldøs dadoekin taula txiki batean jokatzen da bi jokalariren artean, taula gaineko zuloetan ziri txiki desberdinak sartuz.
Hitza arraroa zen, hizkuntzalariek soilik bildua, zenbait dialekto uhartetarren herri adierazpenetan hartua, bere zentzu zehatza galdua zuen. Horrela hasi zen Hans Billskov Jensen, 1927an, oraindik daldøsean jokatzen zekien pertsonaren bat bilatzen Jutlandia iparraldean. Billeskov Jansenek ezin izan zuen jokoa benetan ikusi zuen inor aurkitu Thyn (Faergegaard-eko haurrak izan ezik). Thisted-etik gertu, ordea, lagun bat aurkitu zuen, baina ez zuen haren izena eman. Peter Michaelsen-ek, Thisted Museoko pedagogo Svend Sørensenekin lankidetzan, Billeskov Jensenen informatzailearen izena Anthon Larsen, Thisteden 1848an jaioa, zela ezarri ahal izan zuen. Badirudi, orduan, jokoa ez zela Faergegaarden bakarrik jokatu XIX. mendearen azken erdian, baita Thisted herrian ere, XIX. mendearen hasieran.
Thisted Museoko J. P. Jacobsenen oroimenezko aretoko daldøs jokoa Lars Kaldahl (1812-1888) artzain eta unaiak moztu zuen, 1850eko hamarkadan edo 1860ko hamarkadaren hasieran. Taula kaobaz egina dago eta zotzak eta dadoak teka-egurrez eginak izango dira ziurrenik. Kontserbatzen diren bi dado bakarrak Norvegiako daldøsaren dadoen desberdinak dira, dal izeneko aldean ‘A’ batekin markatuta daudelako, ‘X’ baten ordez.
Danimarkako Museo Nazionalean gordetzen da daldøs jokoaren beste ale bat. Joko horren jabea Mads Christian Søndergaard (1831-1900) izan zen, 1859tik 1899ra eskolako irakasle gisa lan egin zuena Flade-n, Thistedetik gertu dagoen Mors uharte handian.
Daldøsaren ebidentziak ditugun Danimarkako beste bi eremuak ere itsasotik gertu daude. Fanø uhartean daldøs jokoa XIX mendearen bukaeran ezagutu zen. Bornholm uhartetik daldôs hitza baino ez dugu ezagutzen lehen aipatutako spilla daldôs esaeran. Badirudi jokoa bera ez zela gehiago ezagutzen Espersenek 1856an Ordbog over det danske Sprog hiztegia idatzi zuenean. Ziur asko, bere garaia baino lehen (1812-1859) ahaztua izan zen.
Norvegiako daldøsa eta Danimarkako daldøs jokoen artean alde txikia dago, taulen tamaina, peoien kopurua eta itxura eta dadoen dal aurpegia. Hortaz, joko bera dela esan dezakegu. Joko horrek samien sáhkku jokoaren antza du, desberdintasun nabarmenak badaude ere. Bi jokoak, daldøs(a) eta sáhkku aurrez aurreko jokoen eta lasterketa-jokoen arteko erdibidean daude. Lehenengoen helburu bakarra aurkarien peoiak harrapatzea edo ibilgetzea da; bigarrenetan, ordea, dadoak erabiltzen dira, gehienetan bi aurpegiko makilatxoak, eta peoiek taula osoa (batzuetan bi noranzkoetan) korritu egin behar dute, ibilbide hertsiki lineal baten arabera aurrera eginez. H.J.R. Murray-k nahiago izan zuen gerra-joko delakoekin sailkatzea, aparteko kategoria bat eginez, “zotzekin edo dadoekin jokatutako gerra-jokoak” izenekoa.
Adituek Eskandinaviako joko horien eta arabiar tâb-sigh jokoen familiaren arteko ahaidetasuna erakutsi dute. Afrika iparraldeko tâb-sigh jokoak, Eskandinaviakoak bezala, aurrez aurreko lasterketa-jokoak dira, hau da, helburua aurkariaren peoiak harrapatzea da eta hori lasterketa batean zehar egiten da. Bi eskualdeetako jokoek, ezaugarri bitxi bat dute komunean: peoiak mugitu ahal izateko, lehenago emaitza berezi bat lortu behar da dadoen jaurtiketan peoiak aktibatzeko. Bi eskualdeetako jokoek, hala ere, desberdintasunak dituzte. Hegoaldeko tâb-sigh joko gehienak lau lerrotan jokatzen dira; esaterako, Palestinako kiôz jokoak, Hydek 1694an deskribatu zuenak, lau lerrotan zulatutako erretilu bat erabiltzen zuen. Alabaina, hiru lerrotan jokatzen direnak ere ezagutzen dira, batez ere Magreben eta Indiaraino, Somalian eta Senegalen. Adibidez, Aljeriako Saharako Tidikelt-en praktikatzen den sigh Norvegiako daldøsaren oso antzekoa da. Afrikako eta Eskandinaviako jokoen artean beste desberdintasun bat dadoak dira. Afrikako jokoetan dadoak bi aurpegiko zotz-dadoak izaten dira; Eskandinavian, aldiz, lau aurpegiko dadoak erabiltzen dira.
Iparraldeko eta hegoaldeko jokoen ezaugarriek ahaidetasun hori iradokitzen badute ere, horren probak aurkitzea ez da erraza. Kasu honetan gauza bat da deigarria: Europan tâb motako jokoen oso arrasto gutxi daude. Beraz, joko hauek iparraldeko herrien eta mundu arabiar-musulmanaren arteko kontaktu zuzenetatik (edo erdi-zuzenetatik) mailegatuak izan zirela pentsatu behar dugu. Eskandinaviar eta islamiar munduek denbora luzez harreman estua izan zuten garai bakarra eta aukera historiko bakarra bikingoen garaietan izan zen, Barego deiturikoak –edo ekialdeko bikingoak, gehienak Suediakoak– gaur egun Errusia den horretan kokatu zirenean eta, Volga eta Dnieper ibaiak jarraituz, Itsaso Beltzera joan zirenean, Bizantziar Inperioarentzat mertzenario gisa (Barego guardia) zerbitzatuz, bai eta Kazakh herriarekin eta arabiarrekin salerosketan arituz ere. Garai horiek gutxi gorabehera IX. mendearen erdialdetik XI. mendearen amaierara bitartean gertatu ziren. Bizantziotik, haatik, adimen-jokoei dagokienez hain gutxi ezagutzen dugun Bizantziotik, edo Errusiatik, ez da horrelako joko baten froga idatzi edo arkeologikorik atera.
Bestalde, Baregoak Suediako eskualdekoak ziren, eta daldøs(a) Norvegiako eta Danimarkako eskualdeetan baino ez da aurkitu. Argi ikusi da Danimarkako, Norvegiako, eta Samien jokoek guztiek oso kostaldeko kokapenak dituztela. Daldøs(a)ren itsasontzi formak eta zuloen sistemak argumentua indartzen dute: itsasgizonen kostatik kostarako difusioa argi eta garbi adierazten dute. Horrelako ibilbidea, Suedia hegoaldetik hasi eta Jutlandia eta Norvegia hego-mendebaldera zabaltzea, erraza da imajinatzea. Horrek azalduko luke zergatik ez den jokoa ezaguna Eskandinavia barnealdean.
Horrez gain, tarte luzea doa Baregoen garaitik XIX. mendean jokoei buruz agertzen den lehenengo datura arte. Ez dugu, ordea, ahaztu behar tradizioen ahozko garapenaren garrantzia.
Erdi Aroko Europan hainbat joko-taula aurkitu dira, daldøs edo tâb motako jokoetarako taulak izan zitezkeenak. Itsasontzi itxurako bi joko-taula aurkitu dira Erdi Aroko Novgorod-en, Errusian, XIII eta XIV mendekoak, 17 eta 15 lerro inskribatuak dituztenak, hurrenez hurren. Horietako bat irudian ikus daiteke: (05-1,2) XIV. mendeko joko-taula erakusten du. Hamalau zutabeko bi ilara ditu, edo 15 lerro 3 lerroz zeharkatuta. Galesko Newport-en ustezko taula bat ere aurkitu da XV. mendeko (1446-1468) itsasontzi hondeatu batean, 11 lerro zituen. Joko taula gehiago aurkitu dira harrian inskribatuta Britainia Handiko eliza batzuetan, hala nola Lincoln-eko katedralean. Beranduxeago datatutako taula bat aurkitu da Mary Rose ontzian zegoen upel-tapa batean, 1545ean hondoratu zen Tudor gerraontzi bat. Taula horrek 13 lerro ditu, erdiko lerroan zehar posizio gehigarri bat duelarik. Azkenik, joko hori irudikatzen zuen joko-taula misteriotsu bat marraztu zen XIII. mendearen amaierako eskuizkribu batean. Eskuizkribua Cerne-ko (Erresuma Batua) monasterio batekoa zen baina orain Cambridgeko (Erresuma Batua) Trinity College Library liburutegian dago (MS O 2.45; 2v folioa). Xakearen, bederatziko errota-jokoaren eta alkerke jokoaren diagramen ondoan 3×12 puntuko diagrama baten marrazkia erakusten du. Diagrama horrek elkarguneetan 24 peoi ditu, batez ere kanpoko lerroetan, protodaldøs baten partida bat hasi berria balitz bezala. Litekeena da Europako tâb joko horiek merkatari edo mertzenario bikingoek Ekialde Hurbiletik inportatu izana eta Ingalaterran egindako konkistetan gehiago hedatu izana.
Daldøs ia ahaztutako jokoa da gaur egun, baina ez dago nahiko desagertuta Danimarkan. Jokoa, beharbada, ez zen batere jokatu 1927 eta 1973 artean, baina 1970eko hamarkadaren erdialdean hainbat artikulu agertu ziren eta Skalk Danimarkako arkeologia aldizkari herrikoiak eta Thisted Museumek Thisted Museoko daldøs jokoaren kopiak egin eta saldu zituzten. Urte batzuen buruan ekoizpen hori gelditu egin zen. Daldøs oraindik ere jokatzen dute halako kopiak erosi zituzten pertsona batzuek, baina ziurrenik ez beste pertsona askok. Are gehiago, online erosi nahiz gero, salgai dauden jokoak ez datoz Danimarkatik edo Norvegiatik, Kanada, Kazakhstan, Ukraina, eta abarretik baizik.
Jokoaren beste aukera batzuk
Erdi Aroko daldøs joko-taula guztiek kanpoko bi lerroen posizioak barruko lerroko posizioekin lotzen dituzten lerroak dituzte. Espekulatu daiteke lerroek funtzio bat izan ote dezaketen jokoan. Adibidez, peoi aktibo bat kanpoko lerro batetik zuzenean erdiko lerrora mugi zitekeen, egoera desafiatzaileagoak sortuz. Edo joko-taula laburtu liteke: hiru lerroak hutsik badaude, baliteke espazio horiek gehiago ez erabiltzea. Horrela, zirkuitua txikitu egiten da. Bi aukerek ere azaltzen dute zergatik izan behar duen erdiko lerroak puntu bat luzeagoa (hots, 13 zulokoa 12koaren ordez), bestela mugimendu zirkular minimorik ez baita posible. Bi aukera horien ondorioz, gainera, azkeneko jokoa azkarragoa eta ez hain aspergarria da.
![]() |
Daldøsa jokoaren hasierako posizioa. |
Osagaiak eta hasiera
Norvegian, hiru lerrotan jarritako 37 (12-13-12) zuloko taula, itsasontzi itxura duena. Danimarkan, aldiz, 49 (16-17-16) zuloko taula da.
Norvegian, hogeita lau peoi, hamabi jokalari bakoitzeko. Danimarkan, 32 peoi behar dira, 16 peoi jokalari bakoitzeko.
Lau aurpegiko bi dado: II, III eta IIII hiru aurpegitan; eta laugarren aurpegian, X Norvegian eta A Danimarkan. Kontrako aurpegietan: X/A-III eta II-IIII. Bi dadoak txandaka erabiltzen dituzte jokalariek. X/A hizkiak 1 zenbakia esan nahi du, eta dal deitzen zaio. Emaitza bi dalekoa bada, jokalariak jaurtiketa estra bat du.
Hasteko, jokalari bakoitzak bere hamabi peoiak itsasontziaren alboetan dagoen irteera-lerroan jartzen ditu, eta bertan lo daude. Joko-peoiak atzera begira daude, alde lauak mugimenduaren noranzkora begira dituztela jartzen dira.
Partida irabazteko, oraindik peoi bat jokoan duen azken jokalaria izan beharko da.
Arauak
Jokoa hasteko, jokalariek bi dadoak jaurtitzen dituzte, eta jaurtiketa handienak erabakitzen du nor hasten den.
Peoiak itsasontziaren txoparantz mugitzen dira irteera-lerrotik, brankarantz mugitzen dira erdiko lerrotik eta, ondoren, berriro txopa aldera aurkariaren lerrotik. Ordutik aurrera, erdiko lerroan eta aurkariaren irteera-lerroan mugitzen jarraitzen du. Peoi bat bi lerro horietan mugitzen joaten da, harrapatzen duten arte edo jokoa amaitu arte. Peoiak ez dira inoiz irteera-lerrora itzuliko.
Lehenik eta behin, peoi bat mugitu ahal izateko, aktibatu egin behar da. Hori dal baten jaurtiketaren bidez egiten da, eta ondoren peoia biratu egiten da, aurrera begira jarriz (horrela aktibatuta dagoela ikus daiteke), eta pauso bat aurrera mugitzen da. Peoi guztiak horrela aktibatu behar dira (hots, buelta emanda eta zulo bat aurrera mugituta) jokoan sartu aurretik. Peoiak dauden ordenan (txopatik brankara) aktibatu behar dira.
Bere txandan, jokalariak 2 dadoak jaurtiko ditu eta emaitzaren arabera aurreratuko ditu bere peoiak:
- X/A bat ateratzen badu, bere peoietako bat aktiba dezake eta zulo bat aurrera eraman edo jada aktibatuta dagoen bere peoietako bat zulo bat aurrera mugi dezake.
- Emaitza bi dalekoa bada (dal dal), jokalariak jaurtiketa estra bat du.
- II, III edo IIII ateratzen badu, 2, 3 edo 4 zulo aurrera dezake bere peoi aktibatu bat. Dadoak banan-banan jokatzen direnez, jokalariak bi peoi edo peoi bakarra mugi ditzake aurrera.
![]() |
![]() |
![]() |
Mugimenduen noranzkoa. |
B jokalariak X-rekin lehen peoia aktibatu du, hurrats bat aurrera eman du eta, ondoren, IIII-rekin lau hurrats aurrera eman ditu. |
B jokalariak II-rekin atzeko peoia aurrratu du, ezin du aurreko peoiaren gainetik igaro, eta beste II-arekin aurreko peoia aurreratu du. |
Jokalari batek hasierako jaurtiketan gutxienez X/A bat lortzen ez badu, dadoak aurkariari pasatzen dizkio. Jokalari baten dadoen jaurtiketa guztiak baliogabeak dira jokalariak bere lehen X/A jaurti eta horrela peoi bat aktibatu arte. Hurrengo jaurtiketetarako, X/A jaurtiketa edo aktibatutako peoi bat urrats bat mugitzeko, edo aktibatu gabeko peoi bat aktibatzeko erabil daiteke.
Behin lehenengo peoia aktibatu eta gero, jaurtiketa bat peoi bat edo bi peoi mugitzeko erabil daiteke. Peoi bakarra mugitzen denean, dadoen emaitza bakoitza bereizita erabili behar dira. Dadoen jaurtiketan X eta III lortzen bada, peoi bat zulo 1 eta 3 zulo aurrera daiteke, edo 3 zulo eta zulo 1 aurrera daiteke, baina ezin da 4 zulo zuzenean aurreratu. Lehenengo mugimendua gauzatu behar da; eta hori agian ezin da gauzatu edo, gauzatzen bada, eragin bat izan dezake.
Mugimenduetan zehar, peoi batek aurkako peoi baten gainetik jauzi egin dezake, baina ezin du bere taldeko peoi baten gainetik jauzi egin.
Mugitzen den peoiak aurkariaren peoi batek (aktibatua edo ez) okupatzen duen zulo batean amaitzen badu bere ibilbidea, azken hori jokotik kenduko da, eta ezin da berriro jokoan sartu.
Aurkariaren irteera-lerroan zehar mugitzen den peoi batek beste horrenbeste peoi harrapa ditzake, aktibatuak edo ez, dadoek uzten duten bezala eta ezin da harrapatua izan, baldin eta txanda aktibatu behar zaion peoiaren aurrean dagoen zuloan edo dagoeneko aktibatuta dagoen edozein peoiren aurrean dagoen edozein zulotan ez badago, hots, aurkariaren peoien atzean badago.
Jokoaren helburua aurkariaren peoi guztiak harrapatzea da.
Bukaeran, peoi bat peoi baten kontra aritzea gertatu ohi da. Kasu hori ekiditeko, partida laburtzearren, peoi bakarrarekin geratzen den lehen jokalariak galdutzat eman dezake partida.
Estrategia bat bere mugimenduak konbinatzea izan daiteke, beti aurkariaren edozein peoi aktibaturen atzean egon dadin. Abantaila da peoi aktibatu bat prest izatea etxeko lerroaren hasieran, erdiko lerrora igaro orduko aurkariaren peoiak jazartzeko. Gainera, etsaiaren lerroaren atzean peoi aktibo bat haren peoiak harrapatzen azkar edukitzea estrategia bat izan daiteke.
Iturriak
Jean-Louis Cazaux: Du senet au backgammon. Les jeux de parcours. Chiron editeur, Paris, 2003.
Thierry Depaulis: An Arab game in the North Pole? Board Game Studies 4. CNWS Publications, Leiden, 2001.
Thierry Depaulis (2001). Jeux de parcours du monde arabo-musulman (Afrique du Nord et Proche-Orient). Board Game Studies 4, page 53-76.
Peter Michaelsen: Daldøs, an almost forgotten dice board game. Board Game Studies 4. CNWS Publications, Leiden, 2001.
Alf Næsheim: Daldøsa: An old dice game with an obscure origin. Board Games Studies 4. CNWS Publications, Leiden, 2001.
Erik Østergaard eta Anne Gaston: Daldøs – the Rules. Board Game Studies 4. CNWS Publications, Leiden, 2001.
The Saint Thomas guild (2018): https://thomasguild.blogspot.com/2018/02/
Le Royaume des Moutiks (2023): https://www.leroyaumedesmoutiks.fr/post/jeu-de-soci%C3%A9t%C3%A9-le-daldosa