familien karta-jokoak
![]() |
| Doctor Busby jokoa. 20 karta eta arauak. Fabrikatzaile ezezaguna, c.1850. The World of Playing Cards. |
Karten bildumak egiteko asmoz, jokalarien arteko karta-trukea egitea ez zen ideia berria familien karta-joko hau agertu zenean. Formatu errazenean, jokalariek txandaka trukatzen dituzte kartak beren jokalari hurbilenekin. Haurren Pig (txerri), edo Donkey (asto), jokoan, konbinazio irabazlea mota bereko lau karta dira; My Ship Sails (nire ontzia nabigatzen) jokoan, gaur egun, serie bereko zazpi karta dira. Haurren jokoak antzinako apustu-jokoetatik eratortzen direla iradokitzeko, arbaso probable bat aurkitzen dugu Taylor’s Motto (1621) lanean. Bertan, xahutzaileak bere aberastasuna xahutzen duen jokoen zerrendan My Sow Pigg'd (nire txerrikumea) agertzen da.
Familien karta-jokoa XIX. mendearen erdialdean sortu zen. Joko honen bertsio desberdin batzuk aurki daitezke, zaharrena, Estatu Batuetan, 1843an Anne Wales Abott-ek anonimoki argitaratu zuen Doctor Busby izenekoa da. Arauek “neighbour” hitzaren ingelesezko ortografia (AEB neighbor) jasotzen dutenez, baliteke Ingalaterran argitaratu izana. Karta-sortak 20 karta zituen, 5 kartako lau familia. Familia bakoitzak ikur txiki bat du ezagutzeko: Busby (kapela mota) familiarako kapela, Gardener (lorezain) familiarako pala, Doll the Dairymaid (panpina esne-saltzailea) familiarako esne-ontzia, eta Ninny-Come-Twitch (?) familiarako begia.
![]() |
| Osaba Tomen etxola lanean oinarritutako karta-jokoaren kartak. |
1852an, W. & S.B. Ives-ek, Salem-en (Massachusetts), Osaba Tomen etxola laneko irudiak erabili zituzten familien joko bat irudiztatzeko. Interesgarria da ikustea istoriotik zer irudi aukeratu zuten hogei kartako jokoa egiteko. Harriet Beecher Stowe Center-eko bildumak joko honen bi kopia ditu: 90.2 eta 69.105 katalogo-zenbakiak. Kopia bakar batek ere ez zituen eskuz pintatutako hogei joko-kartak, baina bien artean sorta oso bat eraiki zen.
Baina jokoaren jatorritzat gehien aipatzen den bertsioa Happy Families izenekoa da. Jokoa John Jaques Jr.-ek asmatu zuen eta 1851ko Erakusketa Handiaren aurretik argitaratu zen lehen aldiz. Badirudi Jaquesen jatorrizko diseinuen kartak John Tenniel-ek ilustratu zituela irudi groteskoekin. Karta-sortak 44 karta zituen, 4 kartako hamaika familia. Familiako kideen izenak honela egituratuta zeuden, non X abizen bat den eta Y lanbide bat: X jauna Y-a, X andrea Y-ren emaztea, X jauna Y-ren semea, eta X andereñoa Y-ren alaba. Adibidez, Mr. Bones the Butcher (Hezur jauna harakina), Mrs Chips the Carpenter’s Wife (Ezpal anderea arotzaren emaztea), Master Grits the Grocer’s Son (Artahi jauna dendariaren semea). Jaquesen jatorrizko edizioko hamaika familiak hauek ziren: Block (bloke), bizargina; Bones (hezur), harakina; Bun (opil), okina; Bung (upel), garagardogilea; Chip (ezpal), arotza; Dip (tindu), tindatzailea; Dose (dosi), medikua; Grits (artahi), dendaria; Pots (lapiko), margolaria; Soot (kedar), kedar-garbitzailea; eta Tape (zinta), jostuna.
![]() |
| Happy Families jokoaren lau karta. Lau kideko 11 familia zituen. John Jaques & Son, 1880. The World of Playing Cards. |
Jeu de Sept Familles frantziar jokoa 1876tik ezagutzen da eta André Gill karikaturagileak diseinatu zuen. Jokoa, hasiera batean, helduentzat pentsatuta zegoen, haurrentzat baino gehiago. Familiak aita, ama, semea, alaba, morroia eta sukaldariaz osatuta zeuden. Ez ziren eskulangileak, Happy Families sorta gehienetan bezala. Gill-ek doktorea, abokatua, jenerala, ministroa eta abar aukeratu zituen, nahiz eta pertsonaia desatsegin batzuk ere bazeuden, hala nola kontrabandista bat. Denborarekin, familiak ezagutzen ditugunen antzekoagoak bihurtu ziren eta izen komikoak zituzten, beren lanbideekin lotuta.
Alemanian eta Austrian, jokoa Quartett edo Ablegspiel (Goiko Austrian eta Estirian) izenez ezagutzen da, eta ez dago lau pertsonako multzoetara mugatuta, baizik eta beste gai batzuk ere hartzen ditu, hala nola baserriko animaliak edo traktoreak. Jokoa karta-sorta arrunt batekin erabiltzeko ere egokitu daiteke.
Hego Euskal Herrian, Naipes Heraclio Fournier, S.A. enpresak 1965ean sortu zuen familien lehen karta-sorta, gaztelaniazko Familias de 7 países izenarekin. Karta-sortak 42 karta zituen, 6 kartako zazpi familia ziren. Familiako kideak amona, aitona, ama, aita, alaba eta semea ziren. Eta familiak zazpi herritakoak ziren: arabiarra, bantua, txinatarra, eskimala, indiarra, mexikarra eta tiroldarra. Beranduago, 1991n, karta-sorta hori euskaraz ere argitaratu zuen 7 herrialdetako familiak izenarekin.
![]() |
![]() |
| Familia arabiarra. Naipes Heraclio Fournier, S.A., Gasteiz, 1991. | Familiak. Katxiporreta, Donostia, 2005. |
Hasieratik, gai desberdinak lantzen dituzten hamaika karta-sorta sortu dira: mitologia, animaliak, dieta, ogibideak… Oro har, familia homogeneoak dira, hau da, kide kopuru bera duten familiak. Katxiporreta kooperatibak, ordea, kide kopuru desberdinak eta osaera desberdinak dituzten familiak sortu zituen, 2005ean.
Fournierren familien karta-jokoa
Osagaiak eta hasiera
Berrogeita bi kartako karta-sorta berezia, sei kartako zazpi familiatan banaturik: 1-arabiarra, 2-bantua, 3-txinatarra, 4-eskimala, 5-indiarra, 6-mexikarra eta 7-tiroldarra. Familia bakoitza sei lagunek osatzen dute: amona, aitona, ama, aita, alaba eta semea.
Hirutik zazpira bitarteko jokalarik hartzen dute parte.
Helburua ahalik eta familia gehien biltzea da.
Arauak
Zozketaz erabakiko da zein izango den eskua. Hurrengo partidetan eskua eskuineko jokalarira pasatuko da.
Karta-banatzaileak, eskuaren ezkerrekoak, kartak orraztu ondoren, banan-banan banatuko ditu jokalari guztien artean, kartak bukatu arte.
Eskua hasikoa da edozein jokalariri familia bateko kide bat eskatuz, familia horretako kide bat gutxienez bere eskuan badu. Eskatu dion jokalariak karta hori badu, derrigorrez eman beharko dio. Horrela segituko du, kartak eskatzen, huts egin arte. Hau da, karta bat eskatu dion jokalariak eskatutako karta hori ez duen arte.
Eskatutako karta ez duen jokalariarena izango da hurrengo txanda. Jokalariak, eskuak egin bezala, jokatuko du kartak eskatzen.
Jokalari batek familia bat osatzen duenean, mahai gainean jarriko du bere ondoan.
Familia gehien biltzen duen jokalariak irabaziko du partida.
Katxiporretaren familien karta-jokoa
Osagaiak eta hasiera
Hogeita hamazazpi kartako karta-sorta berezia, sei familiatan banaturik: Alfonsiñoren familia, 5 kide; Gorkaren familia, 3 kide; Kintxoren familia, 6 kide; Liren familia, 4 kide; Nerearen familia, 6 kide, eta Tiderren familia, 7 kide. Familia bakoitza komodin batek osatzen du. Karta bakoitzak familia osatzen duten kideak dakartza behealdean.
Hirutik seira bitarteko jokalarik hartzen dute parte.
Helburua ahalik eta karta gehien biltzea da.
Arauak
Nahi bezala, zoriz edo adostasunez, erabakiko da zeintzuk diren karta-banatzailea eta eskua.
Karta-banatzaileak, kartak nahasi ondoren, karta guztiak banatuko ditu banan-banan jokalari guztien artean.
Eskua hasikoa da eta edozein jokalariri familia bateko kide bat eskatu ahal izango dio. Familia bateko karta bat eskatu ahal izateko, familia horretako kartaren bat gutxienez eskuan izan behar du jokalariak.
Komodin bat duen jokalariak beste familietako komodinak eskatu ahal izango ditu.
Eskaleak asmatu badu, hau da, eskatu dion jokalariak karta hori badu, derrigorrez eman beharko dio. Eta horrela segituko du, kartak eskatzen, huts egin arte. Hau da, karta bat eskatu dion jokalariak eskatutako karta hori ez duen arte.
Eskatutako karta ez duen jokalariak hartuko du hurrengo txanda. Jokalari horrek eskuak egin bezala jokatuko du kartak eskatzen.
Jokalari batek familia bat osatzen duenean, mahai gainean jarriko du bere ondoan.
Familia guztiak biltzen direnean karta gehien dituen jokalariak irabaziko du partida (ez familia gehien bildu dituenak).
Hala ere, jokoa hasi eta familia bat osatu aurretik, norbaitek komodin guztiak biltzen baditu, bera izango da txapelduna. Hor bukatzen da jokoa, eta berriro banatu beharko dira kartak.
Osaba Tomen etxolaren arauak
Karta-sortak hogei karta ditu, lau ataletan banaturik. Pertsonaiak eta objektuak Tom osabaren etxola lanetik hartu dira.
Lehen atala: osaba Tom, Tomen etxola, George-ren dolarra, izeba Chloeren galletak eta Georgeren (hots, Tomen) biblia. Atalaren ikurra biblia da.
Bigarren atala: Simeon, Simeonen sagarrak, Rakel, Rakelen aulkia, Simeonen kapela. Atalaren ikurra kapela da.
Hirugarren atala: St. Clare, Eva, Topsy, Evaren loreak eta Ofeliaren saskia. Atalaren ikurra loreak dira.
Laugarren atala: George, Elisa, Harry, Georgeren eskua eta Iparreko izarra. Atalaren ikurra izarra da.
Hiru pertsonak edo gehiagok joka dezakete. Jokalarietako edozeinek nahas ditzake kartak; gero, aurpegia ikusi ezin izateko haiei eutsiz, utzi pertsona bakoitzari sortako karta bat ateratzen eta jarraitu ateratzen osaba Tom atera arte.
Osaba Tom duen pertsonak kartak nahasi eta, gero, kartak berdin-berdin banatuko ditu jokalarien artean, bakoitzak bere kartei eutsiz, beste jokalariek karten aurpegia ikus ez dezaten.
Orduan, banatzailea albokoari, eskuineko eskutik, galdegiten hasiko da, berak bere eskuan ez duen edozein karta. Albokoak badauka, eman egin behar dio. Banatzaileak beste karta batzuk galdegiten jarraituko du; eta, albokoak eskuan ez duen karta bat galdegiten badio, txanda galduko du. Orduan, albokoak txanda hartuko du, eta haren eskuineko albokoari modu berean galdegingo dio. Eta jokoak ordena berean jarraituko du.
Jokalari batek bere eskuineko albokoaren eskutik karta guztiak galdegin dituenean, horrela jokotik ateraz, bere eskuineko hurrengoari galdegiten jarrai dezake.
Jokalariek adi egon behar dute, eta gogoratu lehenago galdegin eta lortu den edozein karta galdegin behar dutela, ahal bada, jokoa luzeagoa eta konplexuagoa baita memoriaren akats bakoitzeko.
Jokoa amaitzean, irabazleak karta guztiak izango ditu bere esku, eta horrek eskubidea emango dio hurrengo partidan banatzeko eta jokoan hasteko.
Liburuaren bi itzulpen egin dira euskaraz:
H. Beecher Stowe: Osaba Tom-en etxola. Itzulpena, Arantza Sarriegi; marrazkiak, Josemari Aleman Amundarain. Elkar, Donostia, 1980.
H. Beecher Stowe: Osaba Tomen etxola. Lucía Moraren moldapena; Carlos Fernándezen ilustrazioak; Iraitz Urkuloren itzulpena. Susaeta, Madril, 2014.
Iturriak
David Parlett: A History of Card Games. Oxford University Press, Oxford, 1991.
Naipes (4). Altaya, Bartzelona, 1998.
Eskuko arauak: Fournier.
Eskuko arauak: Katxiporreta.
Rex Pitts: https://www.wopc.co.uk/games/game-of-doctor-busby
Simon Wintle: https://www.wopc.co.uk/games/jaques-happy-families
John McLeod: CARD GAME RULES, https://www.pagat.com/quartet/gofish.html#families
Stephen Railton & the University of Virginia: http://utc.iath.virginia.edu/tomituds/game1x.html (2021-01-29)
Wikipedia (fr)
Wikipedia (en)




