koroa eta aingura
Koroa eta aingura jokoa popularra izan zen armada ingelesean eta arrantzaleen artean. Apustu-jokoa da.
Jokoa Europan ere jokatzen zen, batez ere Belgikan. XIX. mendearen hasieran debekatu zen. Baina beste izen batekin itzuli zen: tabu-joko debekatua. Jokoaren nederlanderazko izena ere joko debekatua da. Alemaniako iparraldean jokoak frantsesezko izena du: la consolation (kontsolamendua). Flandrian antzeko bertsio bat dago, anker en zon (aingura eta eguzkia) izenekoa, non eguzkiaren sinboloak koroa ordezkatzen duen. Frantziako bertsioak berriro ere eguzkia erabiltzen du, eta ancre, pique, et soleil (aingura, pika eta eguzkia) deitzen da.
![]() |
| Hoo hey how jokoaren taula eta koloretako dadoak. Egilea: Outlookxp. |
Estatu Batuetan, chuck-a-luck jokoak oinarri bera dauka. Chuck-a-luck dado-jokoa XIX. mendearen hasieran agertu zen. Jokoaren taulak hexagono baten sei sektoreak ditu, 1etik 6ra arte zenbakituak. Hiru dadoek ere puntu batetik seira dituzte aurpegietan. Jokalariek zenbaki batean baino ezin dute apustua egin. Ingalaterran sweat-cloth (izerdi-oihala) bezala ezagutzen zen garai batean. Estatu Batuetan 1800 inguruan agertu zenenean, sweat (izerdi) deitzen zitzaion, gero chuck-luck eta, azkenean, bird-cage (txori-kaiola). Horrek hari-kaiolari egiten zion erreferentzia, non hiru dado kubiko, bakoitza puntu batetik seira, iraultzen ziren. Arauak koroa eta aingura jokoaren berdinak dira eta irudia paperean marraztu daiteke oihalean margotu beharrean. “Txori-kaiola” godalet batekin ordezka daiteke.
Arau berdinak zituen joko bat ere jokatzen zen Txinan: hoo hey how (arraina-izkira-karramarroa). Hiru animalia horiek dadoetan eta taulan zeuden. Dadoen gainerako hiru aurpegietan eta taularen gainerako hiru zatietan, maiz, oilar bat, kuia bat eta bi txanpon zeuden. Apustu-etxeetan jokatu ohi zen; kasu horretan, irabazien ehuneko hamarra etxeko nagusiari ematen zitzaion. Vietnamen, bầu cua cá cọp (kalabaza-karramarro-izkira-arraina) deitzen da. Antzeko joko bat Nepalen jokatzen da, langur burja izenekoa. Jokoaren izena taulako bi sinbolo berezietatik dator. Langur Nepalgo mendietako tximino grisa da, eta burja koroa edo gotorleku bat esan nahi du. Tximinoaren azalpen ohikoena da godaleta tradizionalki tximino baten buruaren forman egiten zela. Bestalde, oihal eta dado zaharragoek ere langur bat inprimatzen zuten modernoek banderari ematen dioten aurpegian. Ez dago nahikoa informaziorik bi azalpenetako bat egia dela esateko.
Osagaiak eta hasiera
![]() |
| Koroa eta aingura jokoaren taula, apustuak egiteko. |
Apustuak egiteko erabiltzen den taulak 2×3 zati ditu eta koroa, aingura eta karta-sorta frantsesaren serieen lau batekoak irudikaturik dauzka bertan. Koroa eta aingura erdiko bi zatietan eta karta-sorten batekoak lau erpinetan. Hiru dadoetako bakoitzak koroa, aingura eta karta-sorta frantsesaren bateko bihotza, pika, diamantea eta hirusta ditu aurpegietan.
Nahi adina jokalarik har dezakete parte.
Helburua ahalik eta apustu gehien irabaztea da.
![]() |
| Jokoaren dado baten sei aurpegiak. |
Arauak
Jokalariak taularen inguruan eseriko dira.
Jokalariek bankaria aukeratuko dute, horrela jokalari guztiak izango dira bankari. Bankua txanda bakoitzean aldatuko da eskuz.
Jokalariek beren apustuak utziko dituzte aukeratutako ikurren gainean. Apustu-unitateak edozein objektu izan daitezke, pospoloetatik hasi eta txanponetaraino.
Bankariak hiru dadoak jaurtiko ditu godalet batekin.
Bankariak ikur baten aldeko kantitate bera ordainduko du dadoetan behin agertzen bada ikurra, bikoitza bi aldiz agertuz gero eta hirukoitza hiru aldiz agertzen denean.
Adibidez, bankariak diamante bat, bihotz bat eta koroa bat bota ditu. Berak hiru ikur horien gainean dauden apostuak ordainduko ditu. Beste ikurretan daudenak jasoko ditu. Bankariak hiru hirusta bota baditu, hiru aldiz ordainduko hirustaren aldeko apustua.
Bankariarentzako kontuak:
a. Unitate bat jartzen bada taulako sei zenbakietako bakoitzean, eta hiru dado desberdin jaurtitzen badira, bankariak hiru unitate irabazten ditu eta hiru unitate galtzen ditu, berdinduta geratuz.
b. Bi dadok zenbaki bera erakusten badute, bankariak bi unitate ordaintzen ditu bikoitzean, eta unitate bat bakunean, eta lau unitate jasotzen ditu, unitate bat irabaziz.
c. Hirukote bat ateratzen bada, bankariak hiru unitate ordaintzen dizkio irabazleari, eta bost unitate jasotzen ditu galtzaileengandik, bi unitateko irabazia lortuz.
Bestelakoak
Jokoa bankuaren alde oso desorekatuta dagoenez, jokalari bakoitzak bankari gisa txanda bat izan beharko luke. Bankariaren abantaila honela kalkulatzen da: 216 konbinazio posible daude hiru dadoekin; batez beste, 120 bakun, 90 bikoitz eta 6 hirukoitz. Taulako espazio bakoitza unitate batekin estaltzen bada eta 216 jaurtiketa egiten badira, sei unitateak 216 aldiz apustu egiten dira, guztira 1.296 unitate eginez. 120 jaurtiketatan, irabaziak eta galerak hiruna unitate dira, berdinduta ateratzen dira. Bikote bateko 90 jaurtiketatan, 540 unitate apustu egiten dira. 270 unitate itzultzen dira sinbolo bikoitzean eta 180 unitate hirugarren sinboloan, guztira 450 unitate itzultzen dira, eta 90 unitateko irabazia dago. Sei hirukoitzetan, 36 unitate apustu egiten dira, baina 24 unitate bakarrik itzultzen dira hamabi unitateko irabaziarekin. 1.296 unitatetik 102 unitateko irabazi osoak bankariaren aldeko ehuneko hau ematen du: 102×100/1.296 = 7,87.
Iturriak
Niké Arts: Los mejores juegos de mesa. Dados y dominó. Magna, Barberà del Vallès, 2006.
Robert Charles Bell: Board and Table Games from Many Civilizations. Dover Publications, Inc., New York, 1979.
Robert Charles Bell: The Boardgame book. Marshall Cavendish Editions, Londres, 1979.
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
El Mundo de los Juegos (2). Altaya, Bartzelona, 1999.
Wikipedia (en)
Thankot.com (Thankot, Nepal): https://thankot.com/games/langurburja-rules


