![]() |
Larramendiren hiztegiaren azala eta mus hitza agertzen den orrialdea. |
Mus jokoaren jatorriari buruzko hipotesi zabalduenak Euskal Herrian kokatzen du jatorria.
Musaren lehenengo aipamen idatzia Manuel Larramendiren 1745eko Diccionario trilingüe del castellano, bascuence y latin (Hiztegi hirukoitza, gaztelania-euskara-latina) lanean agertzen da. Honela dio bigarren liburukiko 108. orrialdean:
Mus , afsi fe llama vn juego de naipes , muy entretenido , y proprio de los Bafcongados , que comunmente fe juega entre quatro , y cada vno con quatro cartas , y ay en cada mano quatro lances diferentes , andia , chiquia , parejac , jocoa. Diòfele el nombre de Mus , porque es juego en que los compañeros fe entienden por feñas de los labios , ojos , &c. y de mufu , que fignifica labios , hocico , cara , fe dize contrahido mus.
Larramendiren 1754ko Corografía ó descripción general de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa (Gipuzkoako probintzia oso noble eta oso leialaren deskribapen orokorra) laneko DE LAS FIESTAS, JUEGOS, ENTRETENIMIENTOS Y DANZAS QUE USAN EN GUIPÚZCOA (GIPUZKOAN ERABILTZEN DITUZTEN FESTA, JOLAS, DENBORA-PASA ETA DANTZEZ) atalean, 196. orrialdean, beste hau irakur daiteke:
Pero el juego tan antiguo en el pais como los mismos naipes es el del mus, que tiene cuatro lances con cuatro cartas que se dan a cada uno, y son el grande, el chiquito, pareja y juego. Piérdese un lance y gánase otro;piérdense los otros tres, y en el cuarto dice el perdidoso or dago, que hace temblar al ganancioso, y si responde iduqui se acaba la partida. Es juego muy divertido por lo que se engañan, por lo que se habla y por las muecas y señas que se hacen con los ojos y modos de mirarse, y sobre todo con los labios y hociquilla que sacan; y es de donde se llamó mus este juego. Hay mus viejo y nuevo, con más ó ménos reyes.
Larramendik bukaeran aipatzen duen mus zaharra zortzi erregekoa da, eta mus berria, ordea, lau erregekoa, pentsa zitekeenaren kontra.
![]() |
Larramendiren Corografia liburuaren azala eta musari buruzko azalpena ematen duen orrialdea. |
Bestalde, Larramendik dio musa kartak bezain zaharra dela. Ez dakigu, aldiz, noiz sartu ziren kartak Gipuzkoan. Hala ere, badago 1334ko dokumentu bat, non naipe hitza aipatzen baita. Gaztelako Alfontso XI.aren garaian idatzi zen Bandako Ordenaren estatutuak arautzeko agiria da eta Gasteizi egiten dio erreferentzia. Bertan dio: “… Bandako Ordenako zaldunek zeharo debekatuta dute karten jokoa.” Horrek frogatuko luke kartak jadanik ezagunak zirela garai hartan. Datu hori, hala ere, kontuz hartu behar da, orain arte lehenengo datu idatzi gisa Carlos VI.aren Frantzia aldeko idazki bat hartzen baita. Dena dela, ezin dugu esan musa ordutik ezaguna denik.
Federico de Baraibar Zumarragak, 1903ko Diccionario de palabras usadas en Alava y no incluidas en el Diccionario de la R. A. Española (RAEren hiztegian ez dauden eta Araban erabiltzen diren hitzen hiztegia) liburuan, jokoaren euskal jatorria berretsi zuen.
Resurreción María de Azkuek 1906an esan zuen musa "jatorria Euskal Herrian duen karta-joko bat" zela.
Ez dira falta izan, berriz, musaren euskal jatorria zalantzan jartzen duten egileak. Julien Vinson (1843-1926) eta Georges Lacombe (1879-1947) irakasleek Revue de Lingüistique eta Le Journal Saint Palais aldizkarietan, hurrenez hurren, jorratu zuten musaren jatorri ez-euskaldunaren hipotesia. Horiekin bat egin zuen Hugo Schuchardt-ek Baskisch und romanisch zu De Azkues Baskisxhen Wörterbuch lanean, 1905ean. Schuchardtek musa Saran ikasi zuen eta Vienan aurkitu zuen jokoa, giltzain zahar baten ahotik, oso antzinakoa zela Austrian, eta han mousse (itsasmutil frantsesez) izena ematen ziotela. Arauak Euskal Herriko musarenak berberak ziren. Schuchardtek iradoki zuen marinelen artean erabilitako karta-joko bat izan zitekeela, eta euskaldunek bere itsas bidaietan ikasiko zutela. Julio de Urkijo filologo eta historialari euskaltzaleak, 1917an, Alde aldizkariko 147. zenbakian, Hugo Schuchardt doktore euskaltzaleak emandako bertsioa jaso zuen.
![]() |
J. L. Ortiz de Zarateren arauen liburuxkaren azala eta 9. orrialdea. |
Mus jokoaren lehenengo arauak Iruñean argitaratu ziren 1804an. J. L. Ortiz de Zaratek idatzi zituen Reglas fixas que conviene usar en el juego llamado mus (Mus izeneko jokoan erabiltzea komeni diren arau finkoak) lanean. Ordutik aurrera, Madrileraino hedatuko dira hainbat “Arau finkoak”, bereziki 1842ko, 1855eko eta abarreko edizioetan.
Badakigu, halaber, XIX. mendearen hasieran Madrilen hamarnaka (amarrekoak) jokatzen zela musa, eta ez bosnaka (bostekoak izan behar zuten), azken horiek berriagoak izanik. Bitxia da erregistratzea Isabel II.aren aurreko garai haietako musean bi komodinekin jokatzen zela: zehazki, zaldi bastoia (Perico izenez ezaguna) eta txanka urrea (Perica izenekoa). Espainia aldeko mesetako mus hartan, bost kartarekin jokatzen zen garai hartan eta bat baztertzen zen. Ez dakigu Euskal Herriko musean ere jokatu ote zen, mesetan bezala, Perico eta Perica komodinekin eta bost kartarekin, karta bat alde batera utzita eta musa eskatzeko aukerarik gabe.
Ondoren hamaika lan argitaratu dira mus jokoari buruz. Ez dugu, ordea, euskaraz ezer aurkitu. Euskal Herriari dagokionez, lehen azterketa sakona Jaime Tomer-ek egin zuen El Mus de los Vascos (Euskaldunen Musa) liburuan, Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak 1977an argitaratua.
Jokoaren mus izenaren jatorriaz hainbat hipotesi daude. Horietako bat Larramendik berak eman zuen: mus hitza euskarazko musu hitzetik dator. Joan Corominas filologo katalanak 1954ko Diccionario crítico de la lengua castellana (Gaztelaniaren hiztegi etimologiko kritikoa) lanean, honela dio:
MUS, juego del --, tomado del vasco mux o mus, y éste del fr. mouche id., propiamente 'mosca’. 1.ª doc.: Acad. 1843, como voz provincial; [...]
Indicó la procedencia francesa Schuchardt ( BhZRPh. VI, 7), observando que el mismo juego se conoce también con este nombre francés en Alemania. [...]
Hala ere, mouche izeneko jokoak ez du zerikusirik mus jokoarekin. Beste hipotesi batek dio frantsesezko museau (musu, mutur, sudur) hitzetik datorrela. Hiru kasuetan, jokalariek musuarekin egiten dituzten keinuengatik hartuko zuen jokoak mus izena. Hirugarren hipotesi batek dio izena latinezko mussu hitzetik datorrela; izan ere, mussu hitzak “isilik egotea” esan nahi du, eta hori da mus jokoaren ezaugarrietako bat Euskal Herrian: ezin da hitz egin jokoak eskatzen duenaz gain. Izenaren beste arrazoi bat jokoaren jokaldirik onenaren, 31 punturen, keinua musu bat izatea da.
Karta-jokoei buruzko bere liburuan, David Parlett-ek Vying and bragging (Lehia eta harrokeria) ataleko jokoen artean sartu zuen.
Musaren gainean, hainbat datu emango ditugu hemen.
- Orotariko Euskal Hiztegia
1 mus.
♦1. (gral.; Lar, Dv, H) Ref.: A; Etxba Eib; Elexp; Gte Erd 183, 192; ZestErret.
Mus. "Mus partidatto baten egiterat joan dira (BN-ciz)" Gte Erd 183. Cf. Lar Cor 232: "Tan antiguo en el país como los mismos naipes es el juego del mus".
* Hurbiltzen dire pausuz museko tokitik. Hb Esk 188. Han heiekin zenbait mus-partidaren egitea. HU Aurp 111. Ai zer pariak muserako! Urruz Zer 100. Mus, yautza eta pilota / Mota guzietarik. LuzKant 135. Eskual-herriaren alde hasi dugun mus-partida ez baita oraino bururatua. Lf ELit 322. Eta nik badakizkit / museko legeak. Uzt Auspoa 10, 100.
v. tbn. Andurain UskIb 108. JE Bur 174. Kk Ab I 44. Barb Sup 32. Zerb Gerlan 72. Othoizlari 1954, 1. Mde Pr 265. Xa Odol 140. JAzpiroz 127. Larre ArtzainE 236. En DFrec hay 12 ejs.
♦2. (gral. ap. A; H). "Palabra con que en dicho juego se anuncia el deseo de renovar cartas sin jugar nueva partida" A.
* Jarririk mahainaren inguruan, zenbait lagun elgarrekin, jan eta edan, eta mus, inbido, iduki, hordago, paso. HU Zez 117. Mus. --Kartak ikus. (G-goi, AN-larr). A EY III 215.
- (H).
(Uso sust.). Descarte. "Musak ere badira, il y a aussi des écartes possibles" H. "Musik ba al dao?" ZestErret.
* Lehen musean aurdiki batteko edo xango baten berriz atxemaitea. Lf Murtuts 16.
MUSEAN JOKATU (G-azp ap. ZestErret ).
Jugar al mus.
* Autubaren azkena ixan zan musian jokatzia gure mutil bijok beste mandazain biri. Kk Ab I 15. Deitu eutson gizon batek. Zetarako, atan-be? A, bai! Musean jokatu bear ei eben. Bilbao IpuiB 32. Diruak burdin zurizkoak ziran, baliogabeak, musian jokatu ta hamarrekotzat ezpazan. Osk Kurl 191.
MUSEAN EGIN.
Jugar al mus. "Gura badozu, musean egingo dogu" Zam Man 57.
* Jan da musian egiñez da txanpana edanez. Gerrika 221.
MUS EGIN (H), MUS EMAN, MUS IZAN (G-azp, AN-gip-5vill, B, BN-arb), MUS JOAN (AN-5vill, L, B, BN; H; gan L). Ref.: Lh; Gte Erd 192. Darse mus, pedir descarte. "Ene lagunak mus egin du" H. "Mus noha, iuan naiz" Ib. "Esku gara, ni mus naiz (AN-5vill, B)" Gte Erd 192. "Ardura mus joan dira (BN-arb), mus joan zara? (AN-5vill, B), mus zera? (G-azp, AN-gip), mus naiz (G-azp, AN-gip-5vill, B, BN-arb)" Ib. 192.
* Onek laurok gitxitan / emoten dabe mus, / kentzen dau edozeinek / ezertxu badakus. Azc PB 88. Mus joaitearen bortxaz, azkenean gertha ditake [...] xango baten berriz atxemaitea. Lf Murtuts 16. Asi dira bosna karta artu ta bana botata, musik eman gabe. BBarand 12.
- Justo M. Mokoroa Muxikak mus karta-jokoan erabili diren hainbat esamolde ematen ditu Ortik eta emendik (1990, Labayru - Etor) lanean:
![]() |
Javier Cigaren Mus-jokalariak margolana, 1940-60. Nafarroako museoa. |
… Mirentxu, ekarri esku-liburu txikia! Mus-aldi bat egin bear diagu!... (G) Joaquín Dorronsoro, Ipuiak.
Puntuan…, musean…, urre-ezpatan?... zertan nai dekan' artan jokatuko diat…! (G) Mokoroak berak hor-hemen entzunak.
Gura badozu' musean egingo dogu. (B) Paulo Zamarripa, Manual del Vascófilo, 1913.
… muslari biak, gabera-arte: galdu-gorde andirik etzan azkenean… (B) J. M. Garate, EUZKADI.
Errana da' "eskualduna ar litekela musean' uraren gainean-ere"… (BN) ESKUALDUNA.
Zenbat erregetara jokua?... Zenbat usteletara?… zenbat amarrekotara?... (Musean). (G, at) Joaquín Dorronsoro, Mokoroak berak hor-hemen entzunak.
Zenbat usteletarik goaz?… (Musean). (L) Pierre Lhande, Dictionnaire Basque Francais.
Mariak zeraukan azken-eskua. (Musean). (L) Joan Batista Elizanburu, Euskaldunak.
Bik-biri musean asi zirean jokatzen,… (B) Azkunaga / Otzandio, EUSKALZALE, 1897.
... musean ari zala' biak naiko lanak zerabilzkiten, elkar ezin menderaturik. (G) José Ramón Erauskin, Txirrita-ren bertsoak.
"Jana" daukat (joku ori); ez da gauza, zuk edukitzekoa... (-Jaten badek' progatuko dek!). (Musean). (G) Valeriano Mokoroa, Mokoroak berak hor-hemen entzunak.
Orrek' atzera-mardo egingo yok... (Musean). (B) Resurrección Mª Azkue / Txirrist, Diccionario V. E. F. (1. Tomoa), 1905-1906.
"Soilletan' aize otz..." (Musean galtzen ari...). (AN, okoz) Manuel Rekalde, Naparroa-ko esaera zarrak, 1974.
Hiztegietan, mus karta-jokoa jaso da, baina informazio handirik eman gabe.
- Hiztegi Batua
mus
1. iz. Bi bikoteren artean jokatzen den karta-jokoa, jatorriz Euskal Herrikoa.
Museko legeak.
2. Joko horretan, lagun bakoitzak dituen lau kartetako bat edo batzuk aldatu nahi dituela adierazteko hitza.
Mus!, esan zuen nire bikotekideak, eta ni isildu egin nintzen.
- Elhuyar hiztegia
mus
s.m. mus
están jugando al mus: musean ari dira
- 5000 adorez
mus: m. juego: mus; jugador de mus: muslaria; jugando a mus: musean; jugar a mus: musean egin; partida de mus: musaldia
- Zehazki hiztegia
mus m mus: me ganó al mus, musean irabazi zidan; las reglas del mus, museko legeak.
♦ descarte del mus, mus.
♦ jugador de mus, muslari.
♦ jugar al mus, musean jokatu, musean egin: en el bar jugando al mus, tabernan musean.
Osagaiak eta hasiera
Karta latindarren 40 kartako karta-sorta.
Karten hierarkia hau da, handitik txikira: erregeak, zaldiak, txankak, 7koak, 6koak, 5ekoak, 4koak, 3koak, 2koak eta 1ekoak. Zenbait kontutarako beltz guztiek 10 puntu balio dute.
![]() |
Mus karta-jokoaren karten hierarkia. |
Bi aldaera daude, lau erregetara edo zortzi erregetara jokatzea:
- lau erregetan, karta bakoitzak bere balioa du.
- zortzi erregetan, 3koak errege bezala eta 2koak batekoak bezala erabiltzen dira. Hortaz, zortzi errege eta zortzi bateko daude.
Bi, hiru, lau edo sei jokalarirekin joka daiteke. Baina ohikoena lau jokalariak dira; bi jokalari bi jokalariren kontra aritzen dira; bikotekideak aurrez aurre esertzen dira.
Esku hitza bi zentzutan erabiltzen da:
- alde batetik, eskua jokalariek lau kartak jokatzen dituztenean osatzen den jokaldi-multzoa da;
- beste aldetik, eskuaren kartak banatu dituen jokalariaren eskuin aldeko jokalaria da, hau da, lehena jokatzen hasten den jokalaria.
Kartak banatzen dituen jokalariari atzesku edo orpo(ko) esaten zaio.
Partida batean 3 ustel / txiko / mantxa jokatzen dira. Ustel bakoitza 6 hamarrekora jokatuko da, hau da, 30 tantora.
Arauak
Hemen lau erregeko aldaeraren arauak emango ditugu.
Zozketaz edo adostuta, karten banatzailea aukeratuko da; hori izango da atzeskua eta horren eskuineko jokalaria, beraz, eskua izango da.
Atzeskuak kartak orraztu, ezkerreko jokalariari mozteko eman eta, banan-banan, lau karta banatuko dizkio jokalari bakoitzari, eskutik hasita eta erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan. Gainerako karten piloa bere eskuinaldean utziko ditu.
* Leku batzuetan, kartak banatzean, baten bat ahoz gora geratzen bada, mus ikusia dago, hots, nahi duten jokalariek karta batzuk baztertu eta karta berriak eska ditzakete.
Eskutik hasita eta erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan, jokalariek mus eman (mus) edo jokoa hasi (ez dago musik) egin behar dute. Eskuak eta bere bikotekideak ezin dute hitz egin; bigarren jokalariak eta atzeskuak, ordea, bai. Bigarren jokalariak, bere jokoa ezkutatzeko, atzeskura atzera dezake erabakia eta atzeskuaren txandan bion artean zer egin erabaki.
![]() |
Ezkerrean, jokalari guztiek mus eman dute. Eskuak, B1 jokalariak, bi karta bota ditu. A2 jokalariak hiru karta bota ditu. B2 jokalariak lau kartak bota ditu. Atzeskuak, A2 jokalariak, hiru karta bota ditu. Atzeskuak karta berriak banatuko ditu. Eskuinean, Eskuak mus eman du; A2 jokalariak atzeskura atzeratzen du erabakia; B2 jokalariak ere mus eman du. Azkenik, atzeskuak “ez dago musik” esan du. Jokoa hasten da. |
Lau jokalariek mus eman badute, gutxienez eskuko karta bata mahai erdira bota behar dute. Atzeskuak, orduan, jokalari bakoitzak bota dituen karta kopurua adina karta berri batera banatu beharko dizkie jokalariei, eskutik hasita.
Jokalariek nahi beste mus eman dezakete, kartak berritzeko, piloko kartak bukatu eta hasieratik mahai erdira baztertu diren kartak berriro banatzeko erabili behar badira ere. Azken horiek erabili behar badira, aurretik orraztu behar dira.
Jokalariren batek jokoa hasteko eskatzen badu, eskua hasiko da hitz egiten.
Jokoak lau jokaldi ditu: handia, txikia, pareak eta jokoa edo puntua, beti ordena horretan.
Tanto batzuk jokaldietan bertan jaso daitezke eta beste batzuk jokaldi guztiak amaitutakoan.
Jokaldi guztietan jokalariek enbido jo, gutxienez bi tanto, edo paso egin dezakete.
- Jokaldi bat pasoan, enbidorik gabe, geratzen bada, bukaerako zenbaketan jokaldi horretako karta onenak dituen bikoteak baino ez du puntuatzen.
- Bikote batek enbido jo badu eta beste bikoteak ez badu onartu, enbidoa jo duenak tanto bat jasoko du momentuan.
- Jokalari batek enbido jotzen badu, aurkariek enbidoa igo dezakete eta bikoteek horrela segi dezakete enbidoa adostu arte edo bikote batek atzera egin arte.
- Jokalariek adostutako enbidoaren tantoak gogoratu beharko dituzte bukaerako tantoen zenbaketa egiteko.
- Bikote batek atzera egiten badu, beste bikoteak ordura arte apustutako tantoak irabaziko ditu momentuan.
Jokaldi batean, bikote batek ez badu enbidoa onartzen, bukaerako zenbaketan ez du jokaldiko puntuazioa lortuko, nahiz eta konbinazio hobea izan.
Edozein jokalditan, jokalariek hordago jo dezakete, jokaldi baten hasieratik edo enbidoen segida baten bukaeran.
- Aurkako bikoteak onartzen badu, ustel osoa jokatzen da eta jokaldi horretan karta onenak dituen jokalariak (bikoteak) irabaziko du ustela.
- Aurkako bikoteak ez badu hordagoa hartzen, hordagoa jo duen bikoteak ordura arte apustutako tantoak irabaziko ditu momentuan, bat bakarra hordagoa jokaldiaren hasieran jo badu.
Jokaldiak
Handia: hierarkiaren arabera karta handienak dituen jokalariak irabaziko du. Berdinketa egonez gero, eskutik gertuen dagoen jokalariak irabaziko du.
- Jokaldia pasoan joan bada, inongo apusturik gabe, bukaerako zenbaketan irabazleak tanto bat irabaziko du.
- Bikote batek enbido jo badu eta beste bikoteak ez badu onartu, enbidoa jo duenak tanto bat jasoko du momentuan.
- Apustu bat adostu bada, irabazleak apustuko tantoak irabaziko ditu bukaerako zenbaketan.
Txikia: hierarkiaren arabera karta txikienak dituen jokalariak irabaziko du. Berdinketa egonez gero, eskutik gertuen dagoen jokalariak irabaziko du.
- Jokaldia pasoan joan bada, inongo apusturik gabe, bukaerako zenbaketan irabazleak tanto bat irabaziko du.
- Bikote batek enbido jo badu eta beste bikoteak ez badu onartu, enbidoa jo duenak tanto bat jasoko du momentuan.
- Apustu bat adostu bada, irabazleak apustuko tantoak irabaziko ditu bukaerako zenbaketan.
![]() |
Mus karta-jokoaren pareen hierarkia. |
Pareak: karta errepikatuen kopuruaren arabera neurtzen dira.
- Dupleak: lau karta berdin edo bi bikote dira.
- Mediak: hiru karta berdin dira, eta bestea desberdina.
- Pareak: bi karta berdin dira, eta beste biak desberdinak.
Dupleek 3 tanto ematen dituzte, mediek 2 tanto eta pareek tanto bat. Hierarkia, handitik txikira, dupleak, mediak eta pareak da. Eta maila bakoitzean, karta handienekin osatuetatik karta txikienekin osatuetara joango da. Berdinketa egonez gero, eskutik gertuen dagoen jokalariak irabaziko du. Pareetan enbidatzeko, gutxienez bikote bakoitzeko jokalari batek pareak izan behar ditu. Inork ez badu parerik, puntua ez da jokatuko. Jokalari batek bakarrik baditu pareak, bukaerako zenbaketan jasoko ditu tantoak.
- Jokaldia pasoan joan bada, inongo apusturik gabe, bukaerako zenbaketan inork ez du tantorik hartuko; baina konbinazio onena duen bikoteak bere konbinazioen tantoak jasoko ditu.
- Bikote batek enbido jo badu eta beste bikoteak ez badu onartu, enbidoa jo duenak tanto bat jasoko du momentuan.
- Apustu bat adostu bada, irabazleak apustuko tantoak irabaziko ditu bukaerako zenbaketan, baita bikotearen konbinazio guztien tantoak ere.
Jokalari batek ez badu parerik, ezingo du enbido jo, ezta enbidoa igo ere.
![]() |
Mus karta-jokoaren jokoaren hierarkia. |
Jokoa: jokoan aritzeko, karten balioak batzen dira eta, gutxienez, 31 puntu batu behar ditu. Puntuazioaren hierarkia hau da: 31 puntu, 32 puntu, 40 puntu, 37 puntu, …, 33 puntu. 31 puntuk 3 balio du eta gainerakoek 2 puntu balio dute. Berdinketa egonez gero, eskutik gertuen dagoen jokalariak irabaziko du. Jokoan enbidatzeko, gutxienez bikote bakoitzeko jokalari batek jokoa izan behar du. Inork ez badu jokorik, puntua ez da jokatuko. Jokalari bakar batek badu jokoa, bukaerako zenbaketan jasoko ditu tantoak.
- Jokaldia pasoan joan bada, inongo apusturik gabe, bukaerako zenbaketan inork ez du tantorik hartuko; baina konbinazio onena duen bikoteak bere konbinazioen tantoak jasoko ditu.
- Bikote batek enbido jo badu eta beste bikoteak ez badu onartu, enbidoa jo duenak tanto bat jasoko du momentuan.
- Apustu bat adostu bada, irabazleak apustuko tantoak irabaziko ditu bukaerako zenbaketan, baita bikotearen konbinazio guztien tantoak ere.
Jokalari batek ez badu jokorik, ezingo du enbido jo, ezta enbidoa igo ere.
* Leku batzuetan jokorako hogeita hamaika erreala ontzat hartzen dute eta lehentasuna ematen diote eskuko hogeita hamaika arruntaren aurrean. Hogeita hamaika erreala hiru zazpikok eta beltz batek osatzen dute. Are gehiago, leku batzuetan, beltz horrek txanka urrea izan behar du. Hau aurretik adostu beharko lukete jokalariek.
Jokalarien konbinazioen balioak ez badira 31 puntura iristen, puntua jokatuko da.
Puntua: puntuan aritzeko, karten balioak batzen dira eta, gehienez, 30 puntu batu behar ditu. Puntuazioaren hierarkia hau da: 30 puntu, 29 puntu, 28 puntu, …, 4 puntu. Puntuak 1 balio du. Berdinketa egonez gero, eskutik gertuen dagoen jokalariak irabaziko du.
- Jokaldia pasoan joan bada, inongo apusturik gabe, bukaerako zenbaketan puntu onena duen jokalariak tanto bat irabaziko du.
- Bikote batek enbido jo badu eta beste bikoteak ez badu onartu, enbidoa jo duenak bi tanto jasoko ditu momentuan, puntuarena eta beldurrarena.
- Apustu bat adostu bada, irabazleak apustuko tantoak eta puntuari dagokion tantoa irabaziko ditu bukaerako zenbaketan.
Puntuazioa
Bikoteek, eskuan zehar, enbidoen tantoak lortuko dituzte, enbidoa joz gero eta aurkariek ez badute onartzen edo enbidoen segida batean aurkariek atzera egiten badute.
Gainerako tantoak lau jokaldien ondoren zenbatuko dira, beti ere jokaldien ordena berean.
Jokaldi guztietan, handian, txikian, pareetan eta jokoan, enbidoak egin dira eta onartu dira. Hau da bukaerako zenbaketa: Handia: B2 jokalariak irabazi du bi errege dituelako. Beraz, B bikoteak enbidoko 2 tantoak irabazi ditu. Txikia: B2 jokalariak irabazi du bateko bat duelako. Beraz, B bikoteak enbidoko 2 tantoak irabazi ditu. Pareak: Bi bikoteek dauzkate pareak. A2 jokalariak irabazi du zaldien mediak dituelako. Beraz, A bikoteak enbidoko 2 tantoak, A2ren medien 2 tanto eta A1en parearen tanto bat irabazi ditu; guztira, 5 tanto. B bikoteak ez du tantorik hartzen. Jokoa: Bi bikoteek daukate jokoa. A1 jokalariak irabazi du 31 puntu dituelako. Beraz, A bikoteak enbidoko 2 tantoak, A2ren jokoaren 2 tanto eta A1en jokoaren 3 tanto irabazi ditu; guztira, 7 tanto. B bikoteak ez du tantorik hartzen. Hortaz, A bikoteak 12 tanto irabazi ditu esku honetan, eta B bikoteak 4 tanto. |
![]() |
Handia: pasoan joan bada, konbinazio onena duen bikoteak tanto bat irabaziko du; enbidoa adostu bada, konbinazio onena duen bikoteak apustuko tantoak irabaziko ditu.
Txikia: pasoan joan bada, konbinazio onena duen bikoteak tanto bat irabaziko du; enbidoa adostu bada, konbinazio onena duen bikoteak apustuko tantoak irabaziko ditu.
Pareak: pasoan joan bada, inork ez du tantorik hartuko; baina konbinazio onena duen bikoteak bi jokalarien konbinazioei dagozkien tantoak irabaziko ditu. Enbidoa adostu bada, konbinazio onena duen bikoteak apustuko tantoak irabaziko ditu, baita bi jokalarien konbinazioei dagozkien tantoak ere. Galtzaileek ez dute tantorik lortuko.
Jokoa: pasoan joan bada, inork ez du tantorik hartuko; baina konbinazio onena duen bikoteak bi jokalarien konbinazioei dagozkien tantoak irabaziko ditu. Enbidoa adostu bada, konbinazio onena duen bikoteak apustuko tantoak irabaziko ditu, baita bi jokalarien konbinazioei dagozkien tantoak ere. Galtzaileek ez dute tantorik lortuko.
Puntua: pasoan joan bada, konbinazio onena duen bikoteak tanto bat irabaziko du. Enbidoa adostu bada, konbinazio onena duen bikoteak apustuko tantoak eta puntuari dagokion tantoa irabaziko ditu.
Garrantzitsua da ordena hori mantentzea, zenbaketa osoa bukatu baino lehen bikote bat 30 tantora iristea gerta litekeelako eta, orduan, ustela irabaziko luke.
Bikote bakoitzean, jokalari batek tantoak edo harriak (1) hartuko ditu eta besteak hamarrekoak (5) hartuko ditu.
Behin zenbaketa bukatuta, kartak mahaitik jasotzen badira hurrengo eskua prestatzeko, bikoteek ezingo dute tantorik eskuratu, arrazoia badute ere.
![]() |
|
Ezkerrean, ustelaren egoera: A bikoteak 27 tanto ditu; B bikoteak 24 tanto ditu. Mus eman ondoren. B2 jokalariak musa moztu du. Handia pasoan joan da. Txikian B2 jokalariak enbido egin du, eta A1 jokalariak onartu du. Bi bikoteek pareak dituzte. Pareetan B2 jokalariak hordago jo du. A bikoteak onartuko balu, handian eta txikian jokatzen diren 3 tantoak ez dira kontuan hartuko, ustela pareetan jokatzen baita. A bikoteak onartuko ez balu, pareen 3 tantoak, gutxienez, B bikoteak eramango lituzke bukaerako zenbaketan. Eta jokoaren jokaldia jokatzeke dago oraindik. Eskuinean, A bikoteak ez du hordagoa hartu; beraz, B bikoteak tanto bat hartu du, 25 tanto. A bikoteak bakarrik du jokoa. Orain, bukaerako zenbaketa dator: Handia: A2 jokalariak irabazi du erregea, zaldia eta txanka dituelako. Beraz, A bikoteak pasoan joan den tantoa irabazi du, 28 tanto. Txikia: B2 jokalariak irabazi du bi bateko dituelako. Beraz, B bikoteak enbidoko 2 tantoak irabazi ditu, 27 tanto. Pareak: B bikoteak dupleen 3 tanto eta parearen tanto bat irabazi ditu, 31 tanto. Ustela irabazi du. Jokoa: jokoaren tantoak ez dira jadanik kontuan hartzen. A bikoteak dituen jokoaren 2 tantoak ez ditu hartuko. Tanto horiekin A bikotea 30 tantora iritsiko zen eta partida irabaziko zuen. |
Keinuak
Musean keinuak egin daitezke jokalari batek dituen kartak bikotekideari jakinarazteko, betiere aurkariak ikusi gabe. Keinuetan ere ez dira iturri guztiak ados jartzen. Hona hemen hiru adibide: Euskal Herriko Mus Federazioa, Tikal argitaletxea eta Wikipedia.
EHMF | Tikal | Wikipedia | |
bi errege | beheko ezpain erdian hozkatuz | beheko ezpain erdian hozkatuz | beheko ezpain erdian hozkatuz |
bi bateko | mihi punta ateraz aho erditik | mihi punta ateraz aho erditik | mihi punta ateraz aho erditik |
hiru errege | beheko ezpain alde batean hozkatuz | beheko ezpain alde batean hozkatuz | |
hiru bateko | mihi ateraz ahoaren alde batetik | mihi ateraz ahoaren alde batetik | |
mediak | ezpainak ahoaren alde batera mugituz | ezpainak ahoaren alde batera mugituz | ezpainak ahoaren alde batera mugituz |
dupleak | ezpainak ahoaren bi aldeetara mugituz | bekainak jasoz | bekainak jasoz |
31 puntu jokoan | begi bat itxiz | begi bat itxiz | begi bat itxiz |
32-40 puntu jokoan | bekainak jasoz | ||
30 puntu puntuan | begi bat itxiz, jokorik ez dagoenean | sorbaldak altxatuz | sorbaldak altxatuz edo begi batekin keinua eginez |
29 puntu puntuan | ezpainak ahoaren alde batera mugituz | ||
itsu (ezer ere ez) | begiak itxiz | begiak itxiz | |
hiru errege eta bateko bat | ahoarekin musu eginez | ahoarekin musu eginez |
Guztiz debekatua dago aurretik adosturik ez dauden keinuak erabiltzea taldekideari informazioa pasatzeko.
Mus jokoan erabiltzen diren hitzak
- Enbido, 2 tantoko apustua egiteko.
- Hamarreko, bost tanto zenbatzeko erabiltzen den edozer (garbantzuak, harriak, txanponak…)
- Harria, banako tantoak zenbatzeko erabiltzen den edozer (garbantzuak, harriak, txanponak…)
- Hordago, ustel osoa jokoan jartzeko apustua.
- Mus, kartak aldatu nahi direla adierazteko.
- Nahi, eduki, apustua onartzeko.
- Paso, apusturik ez dela egiten adierazteko.
Iturriak
David Parlett: A History of Card Games. Oxford University Press, Oxford, 1991.
Euskaltzaindia: Orotariko Euskal Hiztegia.
El juego del mus. Tikal, Madril, 2013.
Naipes (4). Altaya, Bartzelona, 1998.
Reglamentos de todos los juegos de baraja y de salón. 5. arg. Ediciones Ibéricas, Madril, 1940.
Euskal Herriko mus arautegia. Euskal Herriko Mus Federazioa, 2024.
Manuel Larramendi: Diccionario Trilingüe del Castellano, Bascuence, y Latin, Donostia, 1745. https://ia802907.us.archive.org/13/items/A077240135/A077240135.pdf
Manuel Larramendi: Corografía ó descripción general de la muy noble y muy leal provincia de Guipúzcoa, Bartzelona, 1882. https://www.euskalmemoriadigitala.eus/applet/libros/JPG//010209/010209.pdf
Auñamendi Eusko Entziklopedia: https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/eu/mus/ar-83434-58024/
John McLeod: https://www.pagat.com/vying/mus.html
Wikipedia (eu)