Pospolina dadoen eta ziben nahasketatik sortu zen. Bai dadoak bai zibak oso jostailu zaharrak dira. Esate baterako, Mesopotamiako Ur hiriko aztarnen artean dadoak eta zibak aurkitu dira, o.a.a. 3.500 urtekoak. Pospolinak sortzeko arrazoi bat dadoen ospe txarra izan daiteke. Dado baten erdian ardatz bat sartuz, lau aurpegiko ziba zenbakidun bat sortzen da. Horrela uste du David Parlett-ek sortu zela pospolina.
![]() |
| Haur batek (bizkarrez) pospolin bat darama eskuan. Haurren jokoak lanaren xehetasuna, Pieter Bruegel, 1560. Artearen Historiaren Museoa, Viena, Austria. |
Zibaren gorputza biribila izan beharrean, hainbat aurpegitako prisma bat da. Prismaren aurpegiak zenbakiekin, puntuekin, letrekin edo hitzekin lantzen dira. Pospolinaren biraketa etetean, prismaren aurpegi bat gora begira geratuko da; aurpegi horretan idatzitakoari egin behar zaio kasu. Hots, pospolinak dado baten funtzioa hartzen du. Izan ere, sei aurpegiko pospolinak dado kubiko baten jaurtiketa erabat imitatzen du. Pospolin berriagoek aurpegi gehiago dituzte eta aukerak gehiago zabaltzen dira. Pospolinaren aurpegietan jartzen diren letrak eta hitzak ez dira beti ordena berean jartzen, eta horietatik ondorioztatzen diren ekintzak ere desberdinak dira aldaera batetik bestera.
Lau aurpegiko pospolin batekin jokatu ohi da herri askotan. Tradizioz, aurpegietako letrak A, D, N eta T izan dira; latinezko hitzetatik datoz eta arau mnemotekniko gisa erabiltzen dira:
- Aufer (hartu) pilatik txanpon bat irabazteko.
- Depone (utzi) norberaren txanpon bat pilara eramateko.
- Nihil (ezer ez) txanda pasatzeko, ezer hartu edo utzi gabe.
- Totum (dena) mahiko guztia hartzeko.
Europa iparraldean eta erdialdean, XVI. mendetik ezagutzen den eta XX. mendean oraindik ere haurrek eta, forma zabalago batean, helduek estimatzen zuten joko baterako erabili ziren horrelako ziba zenbakidunak. XVI. mendeko Alemaniako haurren joko batean erabiltzen zen, zeina Pieter Bruegel-en 1560ko Haurren jokoak lanean agertzen baita. François Rabelais-ek 1534an aipatu zuen pirouette izeneko joko bat bere Gargantua liburuan (XX. kapitulua, 69. jokoa). Izen zahar hori ordezkatu zuen XVII. mendetik aurrera toton izenak. Ez dakigu izen hori latinezko totum izenetik ote datorren, edo ingelesezko tee-totum izenetik, eta azken hori latinetik akaso. Rabelais-ek pille, nade, jocque, fore izeneko joko bat ere aipatu zuen (XX. kapitulua, 15. jokoa), pospolinaren lau aurpegien deskribapenarekin bat datorrena. P-pille lortzen duen jokalariak bere apustua berreskura dezake; N-nade-rekin (nada = ezer ez gaztelaniaz) ez da ezer gertatzen; J-jocque-rekin (jocque = jokoa) apustua bikoiztu egin behar da eta F-fore-rekin (fors = kanpo) jokalariak apustu guztiak berreskura ditzake eta jokotik irten daiteke. Danimarkan, pospolinaren aurpegiak eta jokoa alle, halve, niks, pung ud (dena, erdia, ezer ez, zorroa kanpoan) deitzen dira. Ingalaterrako baliokidea XVIII. mendearen hasieran agertu zen, erdian ardatz bat zuen ohol karratu gisa, tronpa baten moduan birarazteko aukera ematen zuena. Hiru aurpegi hutsik zeuden eta batek T bat zuen markatuta -hortik dator bere izena, hasieran totum eta gero tee-totum, jatorriz T-totum idatzia-. Apustuak pilatzen ziren zuriak agertzen ziren bitartean, eta potea T posizioa ateratzeko zortea zuenak irabazten zuen. Karratua edozein poligono erregularretara alda daiteke, eta mendearen amaieran, sei aurpegiko teetotumak familia-jokoetan erregularki sartzen ziren dadoen ordez, familia-giroa joko-mahaiaren edo joko-aretoaren kutsaduratik babesteko edo.
![]() |
| Napoleon garaiko bi gerra-presok zizelkatu eta margotutako hezurrezko pospolinak. XIX. mendearen hasiera. Batek sei aurpegi ditu, eta besteak hamabi aurpegi. 5 cm altu dira. |
XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran tabernetan bereziki modan egon zen jokoaren aldaera zabalago baterako, sei aurpegiko pospolinak erabiltzen ziren. Horrelakoak erromatarren garaian ere ezagutzen ziren, Genevako Arte eta Historia Museoan gordetako ale batek frogatzen duen bezala. Ingalaterran, jokoari put and take deitzen zaio, eta dadoaren aurpegiek Put 1, Put 2, All put, Take 1, Take 2 eta Take all (jarri 1, jarri 2, denok jarri, hartu 1, hartu 2 eta hartu dena) adierazpenak daramatzate. Pospolin alemaniarretan, aurpegiek nim(m) 1 (hartu 1) eta abar edo gib 1 (eman 1) eta abar adierazten dute, baina gehienetan bi letrako laburdura bat erabiltzen da jokalarientzako argibide gisa: LS lass stehen (utzi), NH nimm halb (hartu erdia), ND nimm deins (hartu zure apustua), SZ setze zu (apustu egin berriro), NA nimm alles (hartu dena) edo NG nimm ganz (hartu guztia), baita T(A) trink (aus) (edan) ere.
Gaztelaniazko perinola (pirinola, perindola, pirindola) izena pirn onomatopeiatik dator, biratzean egiten duen zarata imitatuz. Jokoaren izena quita y pon (kendu eta jarri) da. Sei aurpegiko pospolinean, gaztelaniaz, agindu hauek datoz: Toma 1 (hartu 1), Todos ponen (denok jarri), Toma 2 (hartu 2), Pon 1 (jarri 1), Toma todo (hartu dena) eta Pon 2 (jarri 2).
Portugesez, rapa izena hartzen du. Lau aurpegiko pospolinak letra hauek ditu: R-rapa (dena hartu), T-tira (apustua hartu), P-põem (apustua jarri), eta D-deixa (utzi dagoen bezala).
Ohiko jokoaren izena sakapon da Euskal Herrian. Hona hemen joko honen izenaz Orotariko Euskal Hiztegiak dakarren sarrera.
sakapon.
1. sapakon (V-m-gip ap. A).
“Perinola, pequeño poliedro de madera que sirve de juguete a las niñas. En sus cuatro caras hay otras tantas figuras cuyos nombres son: saca, deja, pon, todo. Indudablemente de la combinación del primero y tercero: sacapon, han tomado las niñas esta palabra” A.
Eta poxpolin hitzaren sarreraren hirugarren adieran:
poxpolin.
3. (V-gip, G-goi-to), pospolin (V-m-gip, G-to, AN-larr) Ref.: A (pospolin); SMuj EEs 1921; 124; Etxba Eib (pospoliña); Iz To y UrrAnz (poxpoliña); Elexp Berg (pospoliñ).
“3.º perinola, juguete de niños; 4.º agallón, juguete de niños” A. “En Ormaiztegi y Tolosa a la agalla llamamos poxpoliña y en Fuenterrabía karitta” SMuj EEs 1921, 124. “Llamamos así a un dado provisto de un eje para hacerle bailar. Pospoliñakin jokuan eitten genduan eskolan” Etxba Eib. “Agalla seca de roble” Elexp Berg. v. poxpol.
![]() |
| Sei aurpegiko pospolina. |
Osagaiak eta hasiera
Lau edo sei aurpegiko pospolina. Lau aurpegiko pospolinak S, D, P eta T letrak ditu aurpegietan. Sei aurpegiko pospolinak agindu hauek ditu aurpegietan: Hartu dena, Jarri bi, Hartu bat, Denok jarri, Hartu bi eta Jarri bat.
Nahi adina txanpon edo fitxa apustuak egiteko.
Bi jokalarik edo gehiagok hartuko dute parte.
Jokoaren helburua aurkariaren fitxa guztiak irabaztea da.
Arauak
Hasi baino lehen, jokalariek apustu gisa zer erabiliko duten erabakiko dute: txanponak, fitxak, harri-koskorrak, haziak… Jokalari guztiek kopuru bera izan behar dute partida hasieran. Eta behin partida hasita, jokoan dauden fitxen kopurua, jokalarien eskuetan edo mahai gainean, ezin da aldatu.
Hasteko, jokalari guztiek fitxa kopuru berdina jartzen dute mahai erdian, fitxa bat edo gehiago, adostutakoaren arabera.
Lehendabizi, partida hasiko den jokalaria zozketatzen da pospolina jaurtiz. T lortzen duen jokalaria izango da lehena. Jokalari batzuek T atera badute, beste jaurtiketa batzuk egingo dituzte irabazle bakarra lortu arte.
Txanda eskuineko jokalariari pasatuko zaio.
Lau aurpegiko pospolinaren kasuan,
S letra ateraz gero, jokalariak apustuen pilatik fitxa bat aterako du.
D letra ateraz gero, jokalariak txanda pasatuko du. Ezer hartu edo utzi gabe.
P letra ateraz gero, jokalariak bere fitxa bat utziko du apustuen pilan.
T letra ateraz gero, jokalariak apustuen pila osoa irabaziko du.
Sei aurpegiko pospolinaren kasuan,
Hartu dena ateraz gero, jokalariak apustuen pila osoa hartuko du.
Jarri bi ateraz gero, jokalariak bere bi fitxa jarriko ditu apustuen pilan.
Hartu bat ateraz gero, jokalariak apustuen pilatik fitxa bat hartuko du.
Denok jarri ateraz gero, jokalari guztiek fitxa bat jarriko dute apustuen pilan.
Hartu bi ateraz gero, jokalariak apustuen pilatik bi fitxa hartuko ditu.
Jarri bat ateraz gero, jokalariak bere fitxa bat jarriko du apustuen pilan.
Fitxarik gabe geratzen den jokalariak galduko du eta partida utzi beharko du.
Bukaeran fitxekin geratzen den jokalari bakarrak irabaziko du. Edo, adostutako denbora bukatzean, fitxa gehien dituen jokalariak irabaziko du.
Aldaera
Sei aurpegiko pospolinean puntuak agertzen badira, ondorio hauek izango dituzte:
1 ateraz gero, jokalariak apustuen pilatik fitxa bat hartuko du.
2 ateraz gero, jokalari guztiek fitxa bat jarriko dute apustuen pilan.
3 ateraz gero, jokalariak apustuen pila osoa hartuko du.
4 ateraz gero, jokalariak bere bi fitxa jarriko ditu apustuen pilan.
5 ateraz gero, jokalariak apustuen pilatik bi fitxa hartuko ditu.
6 ateraz gero, jokalariak bere fitxa bat jarriko du apustuen pilan.
Iturriak
Jack Botermans et al.: El Libro de los Juegos. Plaza & Janes editores S. A., Esplugues de Llobregat, 1989.
Frederic V. Grunfeld: Juegos de todo el Mundo. UNICEF Edilan, Madril, 1978.
Jean-Marie Lhôte: Histoire des jeux de société. Flammarion, Paris, 1994.
David Parlett: History of Board Games. Echo Point Books & Media, Brattleboro, 1999.
François Rabelais: Gargantua. Classiques Pocket, Paris, 2018.
Javier R. Rodríguez Rodríguez eta Carlos Fernández Antón: Juegos y Pasatiempos de la Antigüedad. Glyphos, Valladolid, 2013.
Ulrich Schädler: Sort-hasard-fortune. Les nombreuses faces des dés. Jeux de l'humanité, 9. orr. Ulrich Schädler (ed.), Slatkine, Genève, 2007.


