truka
Truk karta-jokoaren jatorria eta nola iritsi zen Euskal Herrira ez dago argi. Ziurrenik, Erdi Aroaren amaieran sortu zen katalanaren eremuaren hegoaldean ‒jatorri arabiarrekoa, truk edo truch izenarekin‒ eta geroago handik zabaldu zen. Hitzaren etimologiari dagokionez, katalanez "trikimailu" esan nahi du.
Balear Uharteetan, Valentziako leku askotan eta Kataluniako Berguedà-n jokatzen da gaur egun, bai eta eremu mugakideetan ere (adibidez, Albaceten eta Murtzian).
Baina katalanaren eremutik harago ere jokatzen da trukean: Okzitaniako Rousillo-n (truc), Euskal Herrian (truk), Akitaniako iparraldeko Poitou-n (tru) edota Bretainia ondoko Sarthe-n (trut). Eta urrunera joanda, Hego Amerikako herrialde askotan ere jokatzen da: Argentinan, Brasilen, Paraguain, Txilen, Uruguain, Venezuelan...
Karta-jokoei buruzko bere liburuan, David Parlett-ek Simple tricksters (Amarru soilak) kapituluan sartu zuen truk jokoa, put joko ingelesarekin batera. Jokoaren lehen aipamenak 1583 urtekoak dira, Frantzia aldean. Parletten arabera, hasieran 36 kartako sorta batekin jokatzen zen: 7-6-1-Erregea-Zaldia-Txanka-10-9-8 hierarkiarekin. Liburuan azaltzen dituen arau zaharren arabera, bi jokalarirentzako partidan kartak banatu ez dituen jokalariak ez baditu gustuko egokitutako kartak, kartak aldatzea proposa dezake, eta banatzaileak onartu edo ukatu egin dezake eskaera. Onartuz gero, kartak banatuko ditu berriz eta jokoan hasi beharko dute. Partida 12 puntukoa izango da. Esku bakoitzak puntu bat balio du, baina jokoan zehar irabazten dena aldatu daiteke musean ezagunak diren “enbido / hordago” antzeko mekanismoen bidez.
Lau jokalariko partidaren bertsioan, bikotekide zaharrenak bakarrik proposa dezake kartak aldatzea. Zaharrenak eta banatzaileak “gobernadore” gisa jarduten dute beren bikoteetan, eta bakoitzak, oro har, kideari zer jokatu behar duen “irakasten” dio. Kataluniako eta Euskal Herriko aldaeretan (baina ez Poitou-koan), bikotekideek ere elkarri helarazi ahal izango diote karta onak dituztela ohiko keinuen bidez, ahal dela beste aldeak ikusi gabe —mus, aluette, watten eta flüsslen bezalako joko hain ezberdinek partekatzen duten ezaugarria—.
Espainiako baliokidea truque edo truco jokoa da, non lau karta —cartas bravas— goi-mailako “triunfo” gisa erabiltzen baitira: bateko ezpata eta bastoia, eta zazpiko ezpata eta urrea. Hego Amerikan, jokoa gehiago eboluzionatu du eta, aldaera desberdinekin, Uruguaiko eta Argentinako karta-joko nazional gisa hartzen dute. Merezi du ezaugarri berezi bat aipatzea, jokalariek bertsoak kantatzen baitituzte apustuak egiteko; hortik jokoa aipatzeko erabiltzen duten “kantatzen den joko alaia” goitizena. Esate baterako, 2005eko XIII. Nekazal munduko ipuin eta istorio lehiaketan, Txilen, bertso hauek irakur daitezke hainbat istoriotan:
Mirta Oliveros Jaramillo
Alambrada de siete hilos Zazpi hariko alanbre-hesia
campo en FLOR y buena aguada Zelaia LORE eta ona urduna
si quiere ganarme al TRUCO TRUKean irabazi nahi badidazu
tiene que tener el as de espadas. Bateko ezpata behar duzuna.
Carolina Alón Vergara
Yo nací en la pampa Ni panpan jaio nintzen
donde nacen los paisanos herrikideak jaiotzen diren lekuan
como usted me dio tres cartas zuk hiru karta eman bezala
le canto una FLOR de mano. LORE bat kantatzen dizut eskuan.
María Elena Castro Nahuel
Muchas son las ilusiones Ugari dira ilusioak
que en mi vida yo soñé. neure bizitzan amets.
Lo real es que tengo ENVIDO Benetakoa da ENBIDOA
de tan sólo 33. 33koa baino ez.
Estrategiak iradokitzeko edo karta on bat adierazteko ere kantatzen dira bertsoak.
![]() |
Silvain Pouvreau-ren Basque-Français hiztegiko orrialdea, ~ 1650. |
Truka Euskal Herrian
Dugun informazioaren arabera, truk karta-jokoa batez ere Lezon, Oiartzunen, Irunen, Hondarribian eta Goizuetan jokatzen da gaur egun. Ziur aski, Errenterian eta Lesakan ere jokatzen da. Eibarren ere jokatzen zen, eta berriki esan digute Bergaran ere jokatzen dela, eta Ataunen aspaldian jokatzen zela eta berreskuratu nahi dutela. Ziurra ez bada ere, jokoa Frantzia aldetik heldu zen Euskal Herrira, aipamen zaharrenak hortik datozelako. Ez dugu ezagutzen trukaren arauei buruzko euskarazko dokumenturik.
Hainbat idazlek aipatu dute jokoa liburu, aldizkari eta abarretan, eta hiztegi eta sarean ere ageri da. Hona hemen lortu dugun informazio nagusia.
- Silvain Pouvreau-k (?-1675) eskuz idatzitako hiztegian aipatu zuen 1650. urte inguruan:
Truka · truc · jeu de cartes
Trukean iokatzea · Joüer au truc.
- Joan Batista Elizanburu Irazabalek (1828-1891) Olerkiak 1882. urte inguruko laneko olerki batetan aipatzen du truk karta-jokoa. Olerkiak zortzi aldaera ditu, 1882 eta 1991 artean argitaratuak, eta bi izenburu: Lau andren besta eta Iragan (Herriko) besta biharamunian. Patri Urkizuk Euskara (1992-1) aldizkarian honela dio:
“Lau andren besta, hamalau bertsoz ondutako kanta herrikoia dugu, 'chanson satirique' dio Barbierren aldaerak, XIX. mende bukaera aldean, zehatzago 1882. urte inguruan Jean Baptiste Elizanburuk sortua. Joko batean aurkezten dizkigu lau andre, bestan, kartaketan, edanean, berriketetan eta dantzan, ohiturazko irudi honek akelarre batean ametsarazten diolarik poetari.”
Karta-jokoa truk da eta 1., 8. eta 9. ahapaldietan aipatzen da. Hona hemen 1882ko testua:
1. Herriko besta bigarrenean,
Berek dakiten chokho batean,
Lau andre, bat alharguna, hirur mutchurdin,
Jarriak itzalean,
Harri chabal bat belhaunen gainean,
Hari dire (bis) trukean.
8. Seira truk dire zazpietarik,
Tantoz orobat bi aldetarik;
Erori da chahatua mokoz-iphurdi,
Nazki odol-husturik;
Khuiatchoa hantche dago etzinik,
Azkcn hatsa (bis) cmanik.
9. Nahiz zarokan azken eskua,
Mariak zuen hasi gudua:
– « 'l'ruk! » – « Jo zan ! » – Mariak chango,
Marichumek hirua. [Katichak chaldun,]
– « Marimartin, choratu zain burua ?
« Lauarekin hiruaren kheinua ? » –
Kalakan taldeak 2010ean olerkia musikatu zuen Kalakan izeneko diskoan (ikus: https://www.youtube.com/watch?v=cZe1m8pFob0).
Bilketa.eus webguneak, Klasikoen gordailuak eta Eusko Ikaskuntzak ere poemaren letra jasotzen dute, bai eta lehenak partitura ere.
- Resurrección M. de Azkuek (1864-1951) Diccionario Vasco-Español-Francés hiztegian jaso zuen, 1905-1906:
TRUK : (c) 2º (AN; Bc, BN, GC, Lc), truque cierto juego de naipes : truc, jeu de cartes. (D. fr. truc.)
- Pierre Larzabalek (1915-1987) Herria astekarian jaso zuen, 1967ko abenduan:
Gizonak artzen ziren maizenik musean. Emazteak trukean edo kalakan.
- Cándido Izaguirrek (1913-1967) El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate lanean jaso zuen, 1970:
Itzúaas trúkian eiñ, juego de cartas cuando falta el compañero (el cuarto) y se juega viendo sus cartas.
- Toribio Etxebarriak Lexicón del euskera dialectal de Eibar lanean jaso zuen (Euskera 1965-1966):
TRUKIAN. Uno de los juegos que se juegan a las cartas en el país.
Gau guztian trukian diardue, jo ta su laurak.
- Placido Mugica Berrondok, Diccionario vasco-castellano Tomo II lanean bildu zuen, 1981.
TRUK 2. (c) truco, truque (juego de cartas).
TRUKE 1. truque (juego): trukean enbido egin = trucar; trukean jo = retrucar.
TRUKU BNR 2. truco (juego de cartas): truku egin = trucar, hacer trucos.
- Gotzon Garatek (1934- 2008) 1988ko Erdarakadak. Euskaraz ongi mintzatzeko Hiztegia. Zazpi Probintzietako Adibideak lanean jaso zuen:
Trukean ari dira.
- Marzelino Manterolak Lore apal bat (Auspoa 166) lanean jaso zuen, Tolosan, 1983an:
Trukean edo musean partidu batzuk egiñaz.
- Juan Martin Elexpuruk Bergara aldeko lexikoa landu zuen, 1985ean, baina ez zuen argitaratu. Geroago, zuzenduta eta zabalduta, tesi gisa argitaratu zuen 1996an, Gasteizen.
TRUK
1. trúka. (d=galzorian dagena). iz. Karta-joku bat . Len truka be asko zuan, baiña oiñ eztittut somatzen. DON.
TRUKÍAN (d). Andrak atsalde osua pasatzen zeben trukian. / Jokatukou trukian?
- Karlos Zabala: C’est la vie kantatzen dute zaharrek. Elkar, 2020 Orr.: 188
-Eta hik, Butx, ez duk zerikusirik tutuekin?
-Nik, baita ere. Nik tutuekin... Mario Bros, Nintendoan -algaraka denak.
Hogei bat urte atzera salto egin genuela ematen zuen. Lesakan geunden. Telebote ostatuan. Barre eta barre edozein ateraldirekin, musean edo trukean bazkalondoan.
- Nafarkaria, Uda (jaia) heldu da, 1995eko ekainaren 23a, VII. orr.
Arbizu. Asteartean jubilatuen meza izango da goizean, eta arratsaldean, zazpietan, bertsolariak. Ondoren musika, Joselu taldearekin. Asteazkenean, hilak 28, haurrendako eguna izango da, eta ostegunean, ginkana eta herritarren arteko kirolak izango dira plater gozoenak. Truk txapelketa eta dantzaldiekin amaituko da eguna eta jaiak, eutsi diotenarendako, goizeko seietan, txokolatada batekin.
- Erran, 2015-11-05
Azaroaren 7an, larunbatean 17:00etan umeentzako jokuak eta txokolatada izanen dira frontoian eta 18:00etatik 20:00etara Ura eta zura erakusketa ikusgai izanen da Ganbaran. Jubilatuentzako mus eta truk txapelketa ere jokatuko dute arratsaldeko 4etan.
Azken biek truk-txapelketak iragartzen dituzte. Horrelakoak gehiago izango dira, ziur asko, herrietako edo auzoetako jaietan, hurrengo karteletan ageri den moduan.
![]() |
|
Oiartzungo truk-txapelketa baten kartela. | Lezoko truk-txapelketaren kartela, Tiñelu elkartean, 2019. |
Hainbat hiztegitan, truk karta-jokoa jaso da. Adibidez,
- Orotariko Euskal Hiztegia
2 truk.
1. (V, G, AN, L, BN; SP, Dv, H), truke (Lar) Ref.: A; Iz ArOñ (itzu); Etxba Eib (trukian); Elexp Berg; Gte Erd 192 .
"Truc, jeu de cartes. Trukean jokatzea " SP. "Truque, cierto juego de naipes" A. "Itzúaas trúkian eiñ, juego de cartas cuando falta el compañero (el cuarto) y se juega viendo sus cartas" Iz ArOñ (s.v. itzu). "Trukean ari dira (G-azp, BN-arb)" Gte Erd 192.
Harri xabal bat belhaunen gainean / hari ziren, hari ziren trukean. Elzb Po 206 (tbn. en Barb Sup 117 y Or Eus 111). Gizonak artzen ziren maizenik musean. Emazteak trukean edo kalakan. Larz Herr 21-12-1967, 4. Trukean edo musean partidu batzuk egiñaz. MMant 19.
2. Fórmula de envite en el juego del truque.
Nahiz zeraukan azken-eskua, / Mariak zuen hasi gudua: / Truk. Elzb Po 207. Bonaparte labanak / eraginda kartai / azpiratu nai eban / Iuan Maria Mastai: / gozorik esan-arren / Aita Santua! Truk! / Onek erantzun eutsan: / ezin ginaike guk. Azc PB 219.
3. Tanto en el juego de truque.
Seira truk dire zazpietarik, / tantoz orobat bi aldetarik. Elzb Po 207.
- Hiztegi Batua
truk 1 batez ere Ipar. adlag. ‘truke’.
2 iz. (karta-jokoa): trukean ari ziren.
- Hiztegi entziklopedikoa, Elhuyar, 1993.
truk. Ik. truke.
truke. iz. 2. Karta-jokoa, hiru karta banatuz eta enbidoak eginez jokatzen dena. Harri zabal-zabal baten gainean / ari ziren, ari ziren trukean.
![]() |
Truk-txapelketa Lezoko Tiñelu elkartean, 2019. |
- Elhuyar hiztegia
1 truk
iz. trueque [juego de cartas]
- 5000 adorez
truk:
2. (juego de cartas) trueque; trukean ari ziren: estaban jugando al trueque
truke:**
3. iz. trueque (cierto juego de cartas); harri zabal baten gainean ari ziren trukean: estaban jugando a 'truke' sobre una piedra ancha.
Ez ditugu inon aurkitu euskarazko jokoaren erregelak, eta horregatik araudi hau osatu nahi izan dugu Moises Odriozola eta Patxi Anguloren artean, Oiartzungo Asier Retegik emandako azalpenetatik abiatuta.
Osagaiak eta hasiera
Karta-sorta latindarra, 40 karta.
Karten hierarkia hau da. 3koak, 2koak, 1ekoak, erregeak, zaldiak, txankak, 7koak, 6koak, 5ekoak eta 4koak. Maila bakoitzean denek berdin balio dute.
![]() |
Truk karta-jokoaren karten balioen hierarkia, handienetik txikienera. |
Bi edo lau jokalarirekin jokatzen da; lau jokalariak direnean, bi jokalari bi jokalariren kontra aritzen dira; bikotekideak aurrez aurre esertzen dira.
Esku hitza bi zentzutan erabiltzen da:
- alde batetik, eskua jokalariek hiru kartak jokatzen dituztenean osatzen den jokaldi-multzoa da;
- beste aldetik, eskuaren kartak banatu dituen jokalaria da, hau da, azkena jokatzen duen jokalaria.
Helburua 6 truk irabaztea da.
Arauak
Altxaldia. Jokalari guztiek karta bana ahoz gora mahai gainean botatzen duten jokaldia da. Hierarkiaren arabera karta altuena bota duen jokalariak irabaziko du altxaldia. Maila bereko bi karta edo gehiago botatzen badituzte, berdinketa gertatzen da, ez du lehentasunik izango karta horietako bat lehenago bota duen jokalariak.
![]() |
Ezk. Altxaldia B bikoteak irabazi du B1 jokalariak errege bat bota duelako. Esk. Altxaldia berdinketa da A2 eta B2 jokalariek zaldi bana bota dutelako. |
Eskua. Hiru kartak banatzen direnean hasten da eskua. Jokalariek dituzten hiru kartekin jokatzen diren hiru altxaldiek osatzen dute eskua. Eskua irabazteko aukera desberdinak daude:
- 3 altxaldietatik 2 altxaldi irabaztea;
- 1. altxaldia irabaztea eta beste altxaldi batean berdintzea;
- 1. altxaldia berdintzea eta 2. altxaldia irabaztea.
- 1. eta 2. altxaldiak berdintzea eta 3. altxaldia irabaztea.
- Hiru berdinketa egitea eta eskua izatea.
Eskua jokatzen da bai tanto bat irabazteko bai truk bat irabazteko, jokoaren uneko fasearen arabera.
Eskuen puntuazioa | |||
1. altxaldia | 2. altxaldia | 3. altxaldia | tantoa / truka |
A bikoteak irabazi du. | A bikoteak irabazi du. | Ez da jokatzen. | A bikoteak tantoa / truka irabazi du. |
= berdinketa izan da. | Ez da jokatzen. | A bikoteak tantoa / truka irabazi du. | |
B bikoteak irabazi du. | = berdinketa izan da. | A bikoteak tantoa / truka irabazi du. | |
A bikoteak irabazi du. | A bikoteak tantoa / truka irabazi du. | ||
B bikoteak irabazi du. | B bikoteak tantoa / truka irabazi du. | ||
= berdinketa izan da. | A bikoteak irabazi du. | Ez da jokatzen. | A bikoteak tantoa / truka irabazi du. |
= berdinketa izan da. | A bikoteak irabazi du. | A bikoteak tantoa / truka irabazi du. | |
= berdinketa izan da. | = berdinketa izan da. | Eskuak tantoa / truka irabazi du. | |
A eta B bikoteak trukatuz, B bikotearen aldekoak agertuko dira. Ondorioetan altxaldia lehenago irabazteak edota eskua izateak garrantzia dute berdinketen kasuan. |
![]() |
Ezk. A bikoteak irabazi du lehenengo altxaldia A1 jokalariak 2ko bat bota duelako. Zen. B bikoteak derrigorrez irabazi behar du altxaldia ez badu eskua (tantoa edo truka) galdu nahi. A bikoteak nahikoa du altxaldia berdintzearekin, lehenengo altxaldia irabazi duelako. B bikoteak irabazi du bigarren altxaldia B1 jokalariak errege bat bota duelako. Esk. Bikoteak berdinduta daude altxaldietan, baina A bikoteak nahikoa du hirugarren altxaldia berdintzea eskua irabazteko, lehenengo altxaldia irabazi duelako. B bikoteak irabazi du hirugarren altxaldia B2 jokalariak 2ko bat bota duelako. B bikoteak, beraz, irabazi du eskua, tantoa edo trukea. |
Tantoak eta trukak daude. Mahai gainean 3 tanto daude eta bi jokalariren erdian jartzen dira. Fasea bukatzen denean, Tantoak erdira itzultzen dira. Trukak, gutxienez, 11 dira eta mahaiaren beste aldean jartzen dira, ez nahasteko.
Tantoak truk bat jokatzeko unera arte zenbat falta den adierazteko erabiltzen dira, truk apustuaren kasuan salbu. Hainbat egoera gerta daitezke: A eta B badira bikoteak,
- AA, A bikoteak lehenengo bi esku irabazi ditu; 2 tanto ditu eta hurrengo eskuan truka jokatu beharko dute. Hala ere, A bikoteak bi aldiz kartak banatu eta truka jokatzea ala ez erabakitzeko aukera du; "bi aukera ditu" esaten da. Kartak hirugarren aldiz banatzera iritsi ezkero, truka nahitaez pasotan jokatu beharko da.
Pasotan jokatzen denean, jokalariek kartak aldatzeko eska dezakete nahi adina aldiz, jokalarietako batek (hots, horren bikoteak) jokatzea erabaki arte. Jokalariek ahoz gora erakusten dituzte aldatu nahi dituzten kartak, 2koak eta 3koak izan ezik, horiek ahoz behera gordetzen dira. Aldatu nahi diren kartak berreskura ditzakete karta berriak txarragoak badira.
- AB, A eta B taldeek esku bana irabazi dute; tanto bana dute eta hurrengo eskuan hirugarren tantoa jokatu beharko dute. Hurrengo tantoa irabazten duen bikoteak 3 tantoak jasoko ditu bere aldera. Hurrengo eskuan truka jokatu beharko dute. Hala ere, 3 tantoak dituen bikoteak truka jokatzea behin atzeratzeko aukera du; "aukera bat du" esaten da.
Partiden garapena truk apusturik gabe | |||||
Tantoen fasea | Trukaren fasea | ||||
1. eskua | 2. eskua | 3. eskua | |||
A bikoteak irabazten badu, tanto bat jasoko du. | A bikoteak irabazten badu, bigarren tantoa jasoko du. Truka jokatzerakoan bi aukera izango ditu. | Kartak ikusi ondoren, A bikoteak truka jokatzea erabaki du. | |||
Kartak ikusi ondoren, A bikoteak truka ez jokatzea erabaki du. Lehenengo aukea erabili du, eta kartak berriz banatzen dira. | Kartak ikusi ondoren, A bikoteak truka jokatzea erabaki du. | ||||
Kartak ikusi ondoren, A bikoteak truka ez jokatzea erabaki du. Bigarren aukea erabili du, eta kartak berriz banatzen dira. | Truka pasotan jokatzen da. | ||||
B bikoteak irabazten badu, tanto bat jasoko du. | A bikoteak irabazten badu, 3 tantoak jasoko ditu. Truka jokatzerakoan aukera bat izango du. | Kartak ikusi ondoren, 3 tantoak dituen bikoteak truka jokatzea erabaki du. | |||
B bikoteak irabazten badu, 3 tantoak jasoko ditu. Truka jokatzerakoan aukera bat izango du. | Kartak ikusi ondoren, 3 tantoak dituen bikoteak truka ez jokatzea erabaki du. Aukera baliatu du, eta kartak berriz banatzen dira. | Truka jokatzen da. |
Hasiera.
Zein hasten den erabakitzeko, honela egiten da lehenengo eskuan:
- Edonork jokalari bakoitzari banan-banan hiru karta banatzen dizkio.
- Jokalari bakoitzak 4. karta bat aterako du karta-pilotik; goiko hierarkian karta altuena ateratzen duen jokalariak 2 tanto hartzen ditu; beraz, bikote horrek bi aukera ditu. Eta lehenengo eskua izango da. Azken lau karta horiek pilora bueltatzen dira.
- Lehenengo eskuak karta-piloa hartu eta bere eskuinean kokatuko du, bere eskuineko jokalaria hasiko da jokoan.
- Eskua jokatzen azkena den jokalaria da eta jokoaren faseetan abantailak ditu.
Lehenengo eskua
Lehenengo eskuan beti jokatzen da truk bat.
Hasierako banaketan eta lehenengo eskua nor den erabakitzen denean, 2 tanto eman zaizkio lehenengo eskuari. Lehenengo eskua duen bikoteak, kartak ikusi ondoren, truka jokatzea edo ez erabaki dezake.
- Jokatzea erabakitzen badu, truk bat jokatzen da.
- Ez jokatzea erabakitzen badu, hirugarren tantoa jasoko du bikoteak eta aukera bat geratuko zaio. Orduan, kartak berriro banatu beharko dira; karten banaketa berria lehenengo eskuaren eskuineko jokalariak egingo du eta bera izango da esku berria. Lehenengo eskuak, hala ere, banatutako kartak ikusi ondoren, esku horretan truka jokatzea edo ez erabaki dezake berriro, bigarren aukera baliatuz.
- Jokatzea erabakitzen badu, truk bat jokatzen da.
- Ez jokatzea erabakitzen badu, 3 tantoak mahaira itzuliko ditu lehenengo eskua zuen bikoteak eta truk bat jokatu beharko dute pasotan. Orduan, kartak berriro banatu beharko dira; banaketa esku berriaren eskuineko jokalariak egingo du eta bera izango da esku berria.
Bigarren eskutik aurrera
Tantoak jokatzen dira, 2 tanto lortu arte. Esku bakoitzean tanto bat jokatzen da.
Bikote batek 2 tanto lortzen dituenean, hurrengoa eskuan truk bat jokatuko da, baina bi aukera izango ditu, kartak banatu ondoren, kartak aldatzeko.
- Jokatzen bada, truk bat jokatzen da.
- Ez bada jokatzen, hirugarren tantoa hartuko du bikoteak eta kartak berriro banatu beharko dira. Kartak banatzean eskua aldatzen da.
Bikote batek 3 tantoak lortzen dituenean, hurrengo eskuan truka jokatu beharko dute; baina aukera bat izango du, kartak ikusi ondoren, jokatzea ala kartak berriz banatzea erabakitzeko.
- Jokatzea erabakitzen badu, truk bat jokatuko da.
- Ez dela jokatzen erabaki eta gero, 3 tantoak mahaira itzuliko ditu bikoteak eta hurrengo eskuan truk bat jokatuko dute nahitaez.
A bikoteak esku (tanto) bat irabazi du dagoeneko. A bikoteak eskuaren (tantoaren) lehenengo altxaldia irabazi du. A1, B1 eta A2 jokalariek karta bana bota dute bigarren altxaldian.
B2 jokalariak truk esan du karta bota baino lehen. A bikoteak onartuz gero, tantoaren ordez truka jokatuko dute esku horretan. A bikoteak ez badu onartzen, eskua bukatuko da eta tantoa B bikoteak eramango du.
Truk apustua
Tanto bat jokatzen den bitartean, jokalari batek, edozein unetan bere txandan, truka jokatzeko apustua egin dezake. Une hori edozein altxalditan izan daiteke, bai eta jokalari batzuek beren karta jokatu eta gero ere.
- Aurkariek ez badute apustua hartzen, apustua egin duen bikoteak tantoa jasoko du eta eskua bukatuko da.
- Aurkariek apustua onartzen badute, esku horretan tantoa jokatu beharrean truka jokatuko dute. Eskua irabazten duen bikoteak truk bat jasoko du.
Trukak irabazteko
Truk bat irabazteko, bi bide daude, beraz: edo tantoen bidez iristen da truk bat jokatzera edo tantoak jokatzen ari direnean, truk apustua egiten da eta, onartuz gero, jokoan dagoen esku horretan bertan jokatzen da.
Binakako pasoa edo paso eske
Esku baten edozein unetan bere txandan, bai tantoa bai truka jokatzean, jokalari batek bere eskuinekoari paso egiteko eska diezaioke.
- Eskuineko jokalariak ez badu onartzen, eskuak jarraituko du.
- Eskuineko jokalariak paso egitea onartzen badu, bi jokalariek eskuetan dituzten hainbat karta erakutsiko dituzte, ahoz gora, eta karta horiek karta-piloko karta berriekin ordezkatu. Aldatu nahi diren kartak berreskura ditzakete karta berriak txarragoak badira. Gorago azaldu dugun bezala, 2koak edota 3koak ahoz behera gordeko dira.
Altxaldien izenak
- Lehenengo altxaldia aurrea da.
- Bigarren altxaldia erdia da.
- Hirugarren altxaldia atzea da.
Truk apustua egiteko moduak
- Truk esan
- Mahaia eskuarekin jo
- Kartak mahai erdira ahoz behera bota (ez karta-pilora)
Truk apustua hartzeko moduak
- "Joka" esaten da.
Trukean erabiltzen diren keinuak
Bikotekideek bere artean edozein unetan hitz egin dezakete, beti ere elkarri ematen dioten informazioa zuzena bada. Horrez gain, keinuen bidez ere komunika daitezke.
- 3koa duela esateko, begi bat itxi.
- Bi 3ko dituela esateko, bi begiak itxi.
- 2koa duela esateko, ezpaina alde batera mugitu.
- Bi 2ko dituela esateko, ezpaina bi aldeetara mugitu (irria egin).
- 1ekoa duela esateko, mingaina atera.
- Ezer ez duela esateko, bekainak altxatu.
TRUC
Hemen Naipes Heraclio Fournier, S.A. enpresaren webgunean dauden truc karta-jokoaren arauak ekarri ditugu euskarara.
Truc Valentzian jokatzen den karta-joko bat da, Espainiako karta-sortekin. Familia bereko joko batzuk oso zabalduta daude, Argentinako truco kasu, eta horren jatorria, hain zuzen ere, trucean dagoela dirudi.
Jokoaren helburua
Truc jokoaren helburu orokorra bi ohe (joko partzialak) irabaztea da.
Ohe bakoitzak 24 tanto ditu, eta bikote bakoitzak hainbat eskutan batu beharko ditu. Ohea, era berean, bi zatitan banatzen da; lehenengo 12 tantoei txarrak deitzen zaie, eta gainerako 12ei onak.
Karta-sorta
Karta-sorta espainiarrarekin jokatzen den jokoa da, eta karta-sortako 40 kartetatik 22 karta baino ez dira erabiltzen: beltzak, bikoak, bateko urrea eta bateko kopak kendu egiten dira.
Jokalari kopurua
Truca bi, lau, sei edo zortzi jokalariren artean joka daiteke (taldeka azken hiru kasu horietan). Modalitaterik zabalduena lau jokalariren artekoa da, binaka, eta hori izango da hemen azalduko dena.
Lau jokalariak binaka lehiatuko dira, joko-mahai baten inguruan, eta jokoaren ordenan jarriko dira, txandaka bikote desberdineko jokalariak.
Karten hierarkia eta balioa
![]() |
Truc karta-jokoaren karten hierarkia. |
Trucaren helburua altxaldiak lehiatzea da. Esku bakoitzean, jokalari bakoitzak hiru karta dituenez, esku bakoitzean hiru karta jokatu behar dira. Jokalari bakoitzak bere txandan karta bat botako du tapizera, eta balio handieneko karta izango da altxaldi bakoitza gainditzen duena, karten arteko hierarkia honen arabera:
Bateko ezpata
Bateko bastoia
Zazpiko ezpata
Zazpiko urrea
Hirukoak
Zazpiko faltsuak (zazpiko bastoia eta zazpiko kopa)
Seikoak
Bostekoak
Laukoak
Jokoaren hasiera eta garapena
Partidaren eta esku bakoitzaren hasiera. Esku bakoitzean, banatzen duenak bere ezkerrean dagoen jokalariari emango dio karta-sorta mozteko, eta jokalari bakoitzari hiru karta emango dizkio, banan-banan eta erlojuaren aurkako noranzkoan. Bere eskuinean dagoen jokalariak du eskua.
Trucean bi jokaldi daude: truca eta enbidoa (truc eta envit), eta horien gainean apustuak egin daitezke esku bakoitzean.
Truca irabazteko, jokatutako hiru altxaldietatik bi irabazi behar dira.
Bi aurkariek altxaldia irabazteko balio bereko karta baldin badute, altxaldia berdindu egiten da: altxaldi arrea.
Bikote bakoitzak altxaldi bat irabazi eta bestea berdinketan geratuz gero, bere altxaldia lehenago lortu duen bikoteak irabazten du. Hirurak berdinketa izanez gero, eskua duen bikoteak irabazten du.
Hirugarren altxaldia garrantzirik gabea denean, eskua erabakita dagoelako, azken altxaldi hori ez da jokatzen (bikote batek lehen bi altxaldiak irabazi dituelako, edo bat irabazi eta bestea berdindu dituelako).
Altxaldi bat irabazten duen jokalariak emango dio hasiera hurrengoari karta bat jaurtiz.
Truca irabazten duenak puntu bat irabazten du ohe horren zenbaketa orokorrerako. Trucaren fasean, edozein jokalarik truc proposa diezaieke aurkariei, eta horrek esan nahi du truca irabazten duenak 2 puntu eskuratuko dituelako apustua egiten duela. Aurkariek ez badute truc apusturik nahi, proposatu duenak puntu bat lortuko du.
Trucaren apustua jasotzen duenak birtruc egin dezake edozein unetan, eta horrek esan nahi du, onartzen bada, truca irabazten duenak 3 puntu eskuratuko dituela. Birtruca onartzen ez bada, egin dutenek 2 puntu irabaziko dituzte. Era berean, eta azken erreplika posible gisa, birtruc proposamena jasotzen duenak quatre val egiteko aukera du, eta horrek esan nahi du, onartzen bada, truca irabazten duenak 4 puntu eskuratuko dituela. Onartzen ez bada, quatre val proposatu duenak 3 puntu eramango ditu.
Quatre valen proposamenari joc fora proposamenarekin erantzun dakioke, eta ohe osoa zuzenean apustu egin.
Une jakin batean, karta jokatzea dagokion jokalaria truca irabazteko aukerarik ez duela konturatzen bada, kartak karta-piloan uzteko aukera du. Bi jokalarik jokatzen dutenean, galdutzat ematen du eskua, eta berehala amaitzen dute. Lau jokalarik jokatzen dutenean, berriz, bikotekideak eskua jokatzen jarraitzen du.
Enbido
Nahi izanez gero, jokalari bakoitzak enbido (envide) egin dezake eskuko bere lehen txandan, truc apustu bat egin edo erantzun aurretik, edo lehenengo karta jaurti aurretik. Enbidoa egin ondoren, jokaldia geratu egiten da enbidoaren apustua erabat itxi arte.
Enbidoan honako arau hauen arabera puntuazio altuena duen jokalaria zein den jartzen da jokoan:
Serie bereko bi karta edukiz gero, bien zenbakiak batzen dira eta batura horri 20 puntu gehiago gehitzen zaizkio. Serie bereko bi karta eduki ezean, zenbaki handiagoko kartaren balioa bakarrik hartuko da kontuan.
Serie bereko hiru karta izanez gero, handieneko bien balioa hartuko da kontuan, eta horiei 20 puntuak gehitu beharko zaizkie.
Enbidoa irabazten duenak bi puntu egiten ditu jokatzen ari den ohearen (chico) puntuazio orokorrean. Apusturik ez badago, jokaldia ez da jokatuko eta, beraz, ez da puntu bat ere gehituko kontzeptu horrengatik.
Enbidoari (envide) torne (bi puntu gehiago) batekin erantzun dakioke.
Enbido mota berezi bat falta da. Aurrekoetan bezala hori planteatzeko eta irabazteko arauetan, baina planteatzen den unean irabazten ari den bikoteari ohe hori garaitzeko falta zaizkion puntuak lortzeko apustua egiten da. Bi bikoteak txarretan badaude, ohea zuzenean jokatzen dute, bestela, irabazten doanari falta zaizkion puntuak. Torne apustuaren erantzuna bakarra falta baino ezin da izan.
Jokaldi honetan berdinketa gertatuz gero, eskuko jokalariak irabaziko du.
Batzuetan, jokalari batzuek trucean jokatzen dute, eta enbidoan edozein kopuru joka dezakete. Hala ere, aukerarik zabalduena adierazitako apustu finkoak bakarrik erabiltzea da.
Apustua onartzen ez bada, apustua egin duen bikoteak puntu bat jasoko du, edo aurreko apustua, erreplika bada.
Enbido bat onartzen denean, jokalariak trucaren fasea jokatzera pasatzen dira, eta, gero egiaztatuko da enbidoaren irabazlea nor den.
Egiaztapen hori apustuak egiten diren ordena berean egiten da: lehenengo enbidoa eta gero truca. Ordena hori garrantzitsua da ohe baten amaieran, baldin eta lehiakideak aurrez ezarritako puntuaziora hurbiltzen ari badira; izan ere, puntuazio hori lehen lortzen duenak irabazten baitu ohea.
Argentinako trucarekiko aldeak
Trikimailu argentinarra ezagutzen baduzu, jarraian laburbiltzen dira bi jokoen arteko desberdintasunak:
Kartak: 22rekin jokatzen da 40en ordez (beltzik gabe, ez bikorik, ez bateko faltsurik).
Ez dago lorerik.
Apustuak ordena berean egiten diren arren, enbidoaren irabazlea amaieran egiaztatzen da, ez apustua ixtean.
Ez dago errege-enbidorik.
Chicoari ohe deitzen zaio, eta ez da 30era jokatzen, 24ra baizik.
Joc fora: quatre val (4 balio du) ondoren, truc apustua ohe osora igo daiteke.
Iturriak
David Parlett: A History of Card Games. Oxford University Press, Oxford, 1991.
Naipes (4). Altaya, Bartzelona, 1998.
Fournier Karta museoa
Naipes Heraclio Fournier, S.A.: https://www.nhfournier.es/como-jugar/truc/
https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/btv1b10537247x/f392.item.r=pouvreau#
John McLeod: https://www.pagat.com/put/truc.html
http://www.fucoa.gob.cl/pdf_zip/cultura/CUENTOS_05.pdf
Eusko Ikaskuntza: https://www.eusko-ikaskuntza.eus/es/fondo-documental/cancionero-vasco/ab-4117/
https://www.euskaltzaindia.eus/dok/euskera/50114.pdf
Klasikoen gordailuak: https://klasikoak.armiarma.eus/idazlanak/E/ElizanburuJBKoplak005.htm
Bilketa euskal funtsen ataria: https://www.bilketa.eus/ark:/27020/art0981332
Karlos Zabala:
https://www.ehu.eus/ehg/cgi/epd/bilatu10.pl?s=&S=&o=1&h=1&z=&c-04-08=04-08&c-10-14=10-14&n=bietan&q-10-14=19-23&q-04-08=04-08&k1=1&m1=lema&h1=truk&f1=&d2=1&m2=lema&h2=&f2=&d3=1&m3=lema&h3=&f3=&d4=1&m4=lema&h4=&f4=&d5=1&m5=lema&h5=&f5=
Nafarkaria: https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/nafarkaria/1995-06-23.pdf
Erran: https://erran.eus/mendialdea/1446706724233-azaroko-kulturaldia-asteburu-honetan-abiatuko-da-goizuetan
Wikipedia (cat)
Wikipedia (en)
Wikipedia (es)