xake zaharra
Mahoma hil (632) eta ehun urte igaro baino lehen, musulmanek Afrikako iparraldea eta Iberiar penintsula (711) ia osoa menderatu zuten. Handik gutxira, kalifa omeiatarrak boteretik bota zituzten abbastarrek, eta hiriburua Damaskotik Bagdadera eraman zuten. Abd ar-Rahman printze omeiatarrak alde egin behar izan zuen, eta Kordobara iritsi zen; bertan, emirerri independentea sortu zuen. Haren seme Abd ar-Rahman II.ak estatu indartsu, egonkor eta eragin handikoa eratu zuen. Bertara erakarri zituen artistak eta jakintsuak; horietako bat, Abu l-Hasan Ali Ibn Nafi Ziriab poeta eta musikari kurdu ospetsua. Kultura handikoa izanik, berritasun asko eraman zituen; esaterako, xatranja. Abd ar-Rahman III.ak Kordobako kalifa-herria ezarri zuen 929. urtean, eta estatuak bere zabalpenik handiena lortu zuen. Dena den, estatu horren mugak ez ziren itxiak, eta komertzioak eta pertsonek zeharkatzen zituzten etengabe.
Dudarik gabe, xatranjak ere zeharkatu zuen muga hori. Izan ere, Europako piezarik zaharrenak garai hartakoak dira, eta muga horretatik gertu agertu dira. Bolizkoak diren mozarabiar erako lau pieza aurkitu dituzte Peñalbako monasterioan, Leonen. Garai bereko beste multzo bat aurkitu dute Celanovako monasterioan, Galizan; harri-kristalezko zortzi pieza dira, eta monasteriori 938an egindako dohaintza batean aipatzen dute. Beste hiru piezak erlikia-ontzi baten estalkia apaintzen dute Donemiliaga Kukulako Yuso monasterioan, Nafarroako errege Santxo III.ak emanak 1033an. Azkenik, hainbat lekutatik etorritako piezak daude; Urgelleko Arnau Mir de Tost zaldunak (1000-1072) Agerko monasterioari —Lleidatik gertu— jarauntsi zion altxorraren zati bat dira. Denak dira harri-kristalezkoak, eta ederki landuak dira. Bartzelonako kondeen familiako noble askoren testamentuek frogatzen dute xakea ondo sartuta zegoela Katalunian garai hartan. Izan ere, xakearen lehenengo aipamena Mendebaldeko Europan, Kataluniako 1008ko akta batean dago; bertan, Urgelleko kondeak, Ermengol I.ak, joko bat jarauntsi zion Saint Gilles monasterioari. Xakearen bigarren aipamena Bartzelonako kondesa Ermessind-en 1058ko testamentuan dago.
Mediterraneo erdian, Sizilia ere erori zen musulmanen eskuetan, 827-878 bitartean. X. mendearen erdian Kairoren mende, zeina emirerri bihurtua baitzen. Ekialdearen, Afrikaren eta Italiako errepubliken harreman komertzialen bidez, xatranjaren atea bihurtu zen Sizilia ere. Jende gehiena kristaua bazen ere, musulmanek zuten boterea, eta haien kultura ezarri zuten. XI. mendearen bigarren erdian, kristauek irla bereganatu zuten, Europatik iritsitako gerlariei esker. Hala ere, kultura musulmanaren eraginak gehiago iraun zuen. Ez zuen luze jo Italiatik iparraldera iristeko. Hori frogatzen dute, bederen, xakea aipatzen duten lehen eskuizkribuek.
XII. mendean, bi joko mota zeuden Europan zabaldurik; lehena, tabulae edo taulak izeneko jokoak; eta bigarrena, Europan merelli edo errotak izenekoak, musulmanek qirq esaten zietenak. Lehenengoan, dadoak erabiltzen ziren, eta bigarrena hain zen soila, ezen haurren edo ezikasien jokotzat hartzen baitzen.
Xakearen garapena
Jokoaren Erdi Aroko lehen arauak orduko islamiar jokoaren berberak ziren, eta hona hemen laburbilduta. Taula: kolore batekoa zen. Posizioak: alfilak, zaldiak, gazteluak eta oinezkoak gaur egun bezala jartzen ziren; erregea eta dama, lehen errenkadako erdialdeko bi laukietan, baina zehaztu gabe zein ezkerrean eta zein eskuinean; hori bai, bi erregeak aurrez aurre zeuden. Mugimenduak: erregea, aldameneko lauki batera mugitzen zen norabide guztietan; dama, aldameneko lauki batera mugitzen zen diagonalean; alfila, zehazki, bi laukira mugitzen zen diagonalean; zaldia eta gaztelua gaur egun bezala mugitzen ziren; oinezkoa, gaur egun bezala mugitzen zen, baina, lehen mugimenduan, lauki bat baino ez, eta goratzean, dama baino ezin zen bihurtu. Bukaera: aurkariaren erregeari xake-mate emanez edo haren pieza guztiez gabetuz irabaz zitekeen, errege biluzia. Ez dago argi nola tratatzen zen errege itoa.
![]() |
| Xake jokoari dagokion miniatura. |
Ez dago jakiterik noiztik den jokoaren taula bi kolorekoa; hala ere, 1050 inguruko Versus de scachis poemak horren erabilera jokalari batzuen hobekuntzatzat aipatzen du, ohikoa ez balitz bezala. 1283an, Gaztelako Alfontso X.a Jakitunak bi koloreko taula derrigortzen du. Taularen posizioari dagokionez, praktika ez zen uniformea; horrela, eskuineko erpinak zuria eta kolore batekoa ikus ditzakegu testuen irudietan. Alfontsoren liburuan, esaterako, irudi guztietan lauki zuria dago eskuinean. Bestalde, bi koloreko taulek lagunduko zuten erregearen eta damaren posizioak finkatzen. Ez dago horrelako arauen lekukotasunik Alfontsoren liburuan, baina Jacopo da Cessole-ren garai bereko lanak errege beltza lauki zurian kokatzen du.
Oso goiz hasi ziren Europan aldaketak egiten piezen ahalmenean zein jokoaren arauetan. Ez dago frogarik erakusten duenik aldaketa horietarako arrazoia zailtasun teorikoak ote ziren. Arrazoi bat izan zitekeen jokoaren iraupenak sortzen zuen nekea edo asperdura, Alfontsoren liburuan irakur daitekeen bezala; horrek azalduko zuen xakea dadoekin jokatzeko proposamena eta xake-problemen ospea. Baina dadoen erabilerak ez zuen arrakastarik, eta, dauden datuekin, problemen ospea ez zen etorri jokoaren ordezko erraza zelako, baizik eta jokatzeko trebetasuna irabazteko bide onena problemak ebaztea zelako. Beste hiru aldaketa mota saiatu ziren: mugimenduen ahalmena zabaltzea, piezei beste ordena bat ematea eta taula handitzea; lehenak baino ez du iraun denboran.
Aldaketa horiek lokalak izan ziren, eta jokoaren aldaerak ugaritu zituzten. Luze joko zuen aldaketa horietako batek arrakasta izateko Europako beste eskualde batean, are luzeago Europa osoan. Horrek auziak ekarri zituen jokoaren arau desberdinetan ohitutako bi jokalari aurrez aurre jartzen zirenean. Hiru aldaketa ikus daitezke Alfontsoren liburuan. Lehena: damak lehen mugimenduan, ohiko mugimenduez gain, jauzi egin zezakeen alboetara, aurrera eta diagonalean aurrera lauki baten gainetik, lauki hori okupatuta egonik edo egon gabe, baina ezin zuen aurkariaren pieza bat harrapatu jauzi horrekin, ezta erregeari xake eman ere. Bigarrena: oinezkoen lehen mugimendua bi laukikoa izan zitekeen, edozein zela ere oinezkoa, beste murriztapenik gabe. Hirugarren aldaketa: oinezkoari goratzeko murrizpena jartzea izan zen.
Cessoleren lanak aldaketa hauek dakartza: 1) erregeak, bere lehen mugimenduan, jauzi egin zezakeen lauki bat edo gehiago; ezin zuen jauzi egin aurkariaren pieza baten gainetik, ezta pieza bat jauzian harrapatu ere. 2) Erregea eta dama, beren lehen mugimenduan, batera mugi zitezkeen. 3) Damak eta oinezko goratu berriak, beren lehen mugimenduan, hirugarren laukira mugitzeko aukera zuten; ezin zuten piezarik harrapatu, ezta xake eman ere. Kontuan izan behar da, garai hartan, «hirugarren» esaten zenean, esan nahi zuela piezaren posiziotik hiru urratsetan irits zitekeen edozein lauki, bidea zuzena izan edo sigi-sagan izan (zaldiarena bezalakoa). 4) Oinezkoak gaur egungo mugimendua zuen; ez zuen zehaztu harrapaketa pasean egiteko aukera. 5) Errege biluziak ez zuen galtzen. 6) Errege itotzea berdinketa zen.
Alemania aldean, iturriak beranduagokoak dira, XV. mendeko Krakoviako poema eta XVI. mendeko eranskinak. Lehenengo aldaketa erregearen jauzia zen, Cessoleren lanean bezala edo luzeagoa. Bigarrena: damak eta oinezko goratuak, beren lehen mugimenduan, jauzi egiteko ahalmena zuten, Alfontsoren eta Cessoleren lanetan bezala. Hirugarrena: oinezkoak hasieran bi urrats aurreratzeko ahalmena zuen. Laugarrena: Krakoviako poeman errege itotzea berdinketa zen. Bosgarrena, Krakoviako poemak errege biluzia garaipentzat ematen zuen.
Normandiarrek eta frankoek eraman zuten jokoa Ingalaterrara, eta bi eskualdeetan bateratsu garatu zen. Bi xake mota jokatzen ziren bietan 1150 eta 1450 artean, aldaera luzea eta laburra. Laburraren arauek musulmanen arauen antza zuten oso; luzea, ordea, beste herrietakoen garapenen atzetik zihoan. Aldaera luzea Alfontsoren eta Cessoleren arauen artean zegoen; Alfontsoren mugimenduak eta Cessoleren bukatzeko arauak zituen. Honela jokatzen zen: 1) Damak, jatorrizkoak edo oinezko goratuak, jauzia egiteko ahalmena zuen; badirudi zenbait murrizpen izan zituela, ordea. 2) Oinezkoak gaur egungo ahalmena zuen, baita harrapaketa pasean egiteko ahalmena ere. 3) Erregeak jauzia egiteko ahalmena zuen, baina ez Cessolerena bezain luzea, xakea jaso gabe edo jaso ondoren ere. 4) Frankoen lurretan, behintzat, errege itotzea berdinketa zen. 5) Errege biluziaren bukaera ontzat hartzen zuten, eta hartzen ez zuten eskuizkribuak ere badaude.
Islandian, baziren mateak emateko orduan, baldintza berezi batzuk, mate ematen zuen piezaren arabera; horrela jasotzen da Magus Saga lanean termino berezien bidez: hroksmat, gazteluarekin; peosmat, oinezkoarekin; fretstertumat, erregearen oinezkoarekin; biskupsmat, alfilarekin.
Idazkerari dagokionez, Alfontsok islamiarrengandik ikasitako idazkera deskribatzailea erabili zuen. Horrela, la quarta casa del Rey blanco, errege zuriaren laugarren laukia, e4 da, eta la quarta casa del Rey prieto, errege beltzaren laugarren laukia, e5. Hori izan zen ohiko idazkera Europan XIII. mendera arte. Idazkera aljebraiko bat ere erabili zuten, eta Paris Fr. 1173 (PP) eskuizkribuak deskribatzen du; hori ere islamiarrengandik jasoa omen zen. Zutabeak a-tik h-ra izendatzen ziren ezkerretik eskuinera; eta errenkadak, goitik behera, k-tik q-ra izendatzen ziren, goiko lehena izendatu gabe utziz. Adibidez, gaur egungo e4 posizioa en idatziko zuten, h2 posizioa hp eta f8 posizioa f.
Xakea, askotan, apustuekin jokatzen zen. Ziur asko, ez dago jokorik Erdi Aroan apustuekin egiten ez zenik; jokoaren interesa handitzeko, ohikoa zen sari bat ematea irabazleari edo isun bat galtzaileari. Apustua, usaian, dirua zen, baina erromantzeetan serioagoak ziren askotan: baten burua aurkariaren alabaren eskuaren trukean, galtzailearekin nahi dena egiteko aukera, emakume baten gaztelua haren preso bihurtzearen kontra… Dena den, xakearen garapenerako, apustuak garrantzitsuagoak izan ziren jokatzeko arau hertsiagoak eragin zituztelako: ukitutako pieza mugitu egin behar da, mugitu ondoren ezin da aldatu, mugimendu okerrek zigorra dakarte, eta abar; are gehiago, ikusleen portaera ere arautu behar izan zen.
Elizak xakearen kontra zuen aurreiritzia ere ahulduz joan zen, erregeek eta nobleek xakeari eman zioten babesa ikusita. Xakearen eta taulen jakintza bereganatzea nobleen seme-alaben heziketaren partea zen, eta horren froga dira haurrak xakean aritzen, baita borrokatzen ere, erakusten dituzten erromantzeak. Emakumeak ere ikasiak ziren xakean, eta aritzen ziren. Alfontsoren liburuko irudietan emakumeak ikusten dira taularen aurrean; hemezortzi kasutan, bi aldeetan daude emakumeak; zortzi kasutan, partida mistoak dira. Jacques Longuyongoaren Voeux du Paon lanean (1312), Huon de Bordeaux lanean eta Les Eschez amoureux lanean, trebetasun handiko jokalari gisa deskribatzen dituzte emakumeak. Goi mailako klasetik erdi eta behe mailetakoetara zabaldu zen zerbitzarien eta burgesen bidez. Baina ez dago argi noraino iritsi zen herrietako biztanleen erabilera. Alemaniako landetan aberatsen klasera iritsi zen, eta frankoen eremuetan, Iberiar penintsulako erresumetan eta Italiako errepubliketan gehiago zabaldu zen. Unibertsitateek, oro har, gogorrago jo zuten, eta, zaldunen beste jarduera batzuekin batera, xakea eta zorizko jokoak debekatu zituzten, jai batzuetan izan ezik.
Hona hemen Alfontso X. Jakitunaren liburuan erabili ziren arauak.
Osagaiak eta hasiera
Alfontsoren liburuan, hainbat tamainatako xake-taulak daude: 8×8, 10×10, 12×12… Baina 8×8 laukiko taula da gehien erabili zuena.
Jokalari bakoitzak hamasei pieza hauek ditu: rey bat (erregea), alfferza bat (alfereza), bi alffil (elefanteak), bi cauallo (zaldiak), bi roque (dorreak) eta zortzi peon (peoiak). Eskuizkribuan, piezak zuriak eta beltzak dira.
Partida hasieran: Sarreran ez da esaten non kokatu behar den erregea eta non alfereza, biak erdialdeko laukietan. Baina, hortik aurrera alfereza beti hasten da bere koloreko laukian. Gainerako piezak gaurko xakean bezala kokatzen dira: lehenengo errenkadan, dorrea, zaldia, elefantea, erregea edo alfereza, elefantea, zaldia eta dorrea; bigarren errenkadan, zortzi peoiak.
Jokoaren helburua aurkariaren erregea harrapatzea da.
Arauak
Mugimenduak
Piezen mugimenduak hauek dira:
![]() |
Erregea noranzko guztietan aldameneko lauki batera mugi daiteke. |
![]() |
Alfereza aldameneko lauki batera mugi daiteke diagonalean. Baina lehenengo aldian, hirugarren laukira jauzi egin dezake, zuzenean edo diagonalean, beste pieza bat bidean badago ere. |
![]() |
Alfilak bi lauki mugituko dira diagonalean eta piezen gainetik jauzi egin dezakete. |
![]() |
Zaldiak hirugarren laukira jauziko dira, bi zuzenean eta hirugarrena albora, nahi denera. |
![]() |
Dorreak zuzenean ahal duten guztian mugi daitezke, aurrera, atzera, ezkerrera edo eskuinera. |
![]() |
Peoiak lauki bat aurrera mugi daitezke. Batzuek, aldiz, lehenengo aldian hirugarren laukira mugitzen dituzte peoiak. |
![]() |
![]() |
![]() |
| Erregearen eta dorrearen mugimenduak. | Alferezaren mugimenduak, orokorrean eta hasieran. | Alfilaren, zaldiaren eta peoiaren mugimenduak. Peoiek harrapatzeko egiten duten mugimendua. |
![]() |
| Bi posizio berezi. Alferez eta peoi zuriek elkar babesten dute. Alfil eta peoi beltzek elkar babesten dute. |
Harrapaketak
Harrapaketak ordezpenez egiten dira; hau da, pieza guztiek aurkariaren beste pieza bat dagoen laukia betetzen dutenean harrapatuko dute pieza hori.
Sarreran ez du esaten nola harrapatzen duten peoiek; ziur asko, sobera ezaguna zelako.
Goratzeak
Sarrerako azalpenean, peoiak zortzigarren errenkadara iristen direnean alfereza bihur daitezke, alfereza galdu bada. Baina, problemetan argi geratzen da jokalariek bi alfereza izan ditzaketela, alfereza eta peoi alferezatua.
Iturriak
Patxi Angulo Martin: Zaldiaren jokoak. Xakeen historia bat. Donostia, 2019.
Harold James Ruthven Murray: A History of Chess. Skyhorse Publishing, NewYork, 2012.










