zibilizazioa
![]() |
| Zibilizazio jokoaren 1981eko edizioaren azala. |
Joko hau gizarte-jokoen arloan sartzen da. Jokoaren diseinatzailea Francis G. Tresham izan zen, 1980an. Copyright-a 1981ekoa da eta The Avalon Hill Game Company da jabea.
Jokoak historian zehar garamatza, hasierako polpulazio-talde batetik konplexutasun askoz handiagoa duen zibilizazio batera, Harri Arotik Burdin Arora, o.a.a. 8.000 urtetik o.a.a. 250 urtera.
Ez dago dadorik ezta borrokarik ere. Herriak ugaltzen dira, hiriak sortzen dituzte, zergak biltzen dituzte, itsasontziak eraikitzen dituzte, merkataritza eta negoziazioa egiten dute, hondamendi naturalen eta gizakiak eragindakoen aurka borrokatzen dira, lanbideak ikasten dituzte, kultura eskuratzen dute.
Joko honetan, lehen aldiz aurkitzen ditugu beste joko askotan erreproduzitu edo egokitu diren mekanismo eta tresnak: bi aldeko fitxak (biztanleria-fitxak diru bihurtzen dira buelta ematen zaienean); sekuentzia arkeologikoaren taula (SAT); azalpen labur eta argia duten kartak, jokaldi bakoitza osatzen duten hamahiru faseei buruzkoa. Batez ere, jokoaren arrakasta handiena estrategiaren ideia bera da: egiten den urrats bakoitzak hurrengorako bakarrik balio du, eta urrats guztiak beharrezkoak eta garrantzitsuak dira.
Hiru iruzkin egin dakizkioke jokoari. Lehena, jokoak balio historikorik ez badu ere, ez baitu kontuan hartzen une historiko zehatzik, zibilizazioen izenek ez baitute benetako zibilizaziorik ordezkatzen... zibilizazioen garapena nolakoa izan zitekeen imajinatzeko aukera ematen digu. Bigarrena, jokoak ez du jokalarien arteko borroka bultzatzen gerra-jokoetan bezala. Jakina, gerrak egon badaude, baina jokoaren helburua ez da gerra bat irabaztea eta gerra egiteko aukera jokalarien esku uzten da. Hirugarrena, joko gisa, zoriak eragina duen arren, zoriak ez du lehentasuna dadoak erabiltzen dituzten jokoetan bezala, hots, ez da zorizko jokoa.
Zibilizazioa jokoaren eragozpen handiena partiden iraupena da. Amaierara arte jokatu nahi duten zazpi pertsonako mahai batek edariak eta jateko zerbait izan beharko ditu, hamar ordu inguru behar izan baitaitezke. Baina, ia perfektua den joko honetan, hori ere konponduta dago. Zibilizazioa ez da bereziki lehiakorra, denbora batez joka daiteke eta partida amaitu gabe utzi, bere xarmarik galdu gabe. Partida laburragoak ere egin daitezke, hainbeste denbora ez badago eta irabazlea nor den jakin nahi bada.
Osagaiak eta hasiera
Mediterraneo itsasoaren mapa baten gainean jokatzen da. Zibilizazioen, jokalarien, abiapuntuak maparen ertzetan daude. Mapa eskualdetan dago banaturik eta eskualdeek ezaugarri desberdinak dituzte: lur-eremuak, ur-eremuak, hirien kokapenak, uholde-eremuak, sumendiak, populazio-mugka, hasteko eskualdeak. Beraz, aukeratzen diren zibilizazioek baldintza geografiko desberdinak izango dituzte garatuak izateko.
![]() |
| Zibilizazio jokoaren mapa. |
Bederatzi zibilizazio daude: Afrika (Kartago), Asia, Asiria, Babilonia, Egipto, Iliria, Italia, Kreta eta Trazia. Bederatzi zibilizazioen osagaiak daude: populazio/altxor-fitxak (55 karratu), hiri-fitxak (9 biribil), itsasontzi-fitxak (4 laukizuzen), errolda-adierazlea (zenbakidun karratu txikia) eta sekuentzia arkeologikoaren fitxa (karratu txikia).
| Zibilizazioa | Fitxak |
| Afrika (Kartago) | ![]() |
| Italia (Erroma) | ![]() |
| Iliria | ![]() |
| Trazia | ![]() |
| Kreta | ![]() |
| Asia | ![]() |
| Asiria | ![]() |
| Babilonia | ![]() |
| Egipto | ![]() |
Orri batean sekuentzia arkeologikoaren taula (SAT), errolda-taula eta salgaien biltegia daude. Sekuentzia arkeologikoaren taulan zibilizazio desberdinen aroak eta aro-aldaketak daude. SATek irabazlea adieraziko du. Salgaien biltegian larrua/okrea, burdina/papiroa, gatza, aleak, ehunak, brontzea, espeziak, gemak eta urrea daude.
![]() |
| Sekuentzia arkeologikoaren taula (SAT). |
Merkataritza-kartak: 1-larrua (7)/okrea (7), 2-burdina (5)/papiroa (5), 3-gatza (9), 4-aleak (8), 5-ehunak (7), 6-brontzea (6), 7-espeziak (5), 8-gemak (4) eta 9-urrea (3).
![]() |
| Merkataritza-kartak. |
| Salgaiak | Puntuak | ||||||||
| Karta-kopurua | 1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 | 8 | 9 |
| Larrua | 1 | 4 | 9 | 16 | 25 | 36 | 49 | ||
| Okrea | 1 | 4 | 9 | 16 | 25 | 36 | 49 | ||
| Burdina | 2 | 8 | 18 | 32 | 50 | ||||
| Papiroa | 2 | 8 | 18 | 32 | 50 | ||||
| Gatza | 3 | 12 | 27 | 48 | 75 | 108 | 147 | 192 | 243 |
| Aleak | 4 | 16 | 36 | 64 | 100 | 144 | 196 | 256 | |
| Ehunak | 5 | 20 | 45 | 80 | 125 | 180 | 245 | ||
| Brontzea | 6 | 24 | 54 | 96 | 150 | 216 | |||
| Espeziak | 7 | 28 | 63 | 112 | 175 | ||||
| Gemak | 8 | 32 | 72 | 128 | |||||
| Urrea | 9 | 36 | 81 | ||||||
![]() |
| Hondamendien kartak. |
Hondamendiak (atzealde gorria): 2-sumendi-erupzioa edo lurrikara, 3-gosetea, 4-gerra zibila, eta 5-uholdea.
Hondamendiak (merkataritza-karten itxurakoak): 6-izurria, 7-desordena zibila, 8-ikonoklasia eta heresia, eta 9-itsaslapurreta.
Txartel batean altxorra gordetzeko lekua, erreserbak gordetzeko lekua eta txanda bakoitzaren 13 faseak daude.
Zibilizazio-kartak lau sailetan banatzen dira, koloreen arabera: lanbideak (laranja), zientziak (berdea), artea (urdina) eta hezkuntza (fuksia). Bi kolore dituzten kartak bi sailetan daude. Karta bakoitzak abantaila bat ekartzen dio zibilizazioari. Karta lortzeko prezioa (behar diren puntuak) beheko aldean agertzen da. Horrez gain, sail bereko beste karta bat lortzeko ematen dituen puntuak ere agertzen da beheko aldean.
| Saila | Izena | Abantaila | Balioa | Laguntza | Laguntza | Laguntza |
| Lanbideak | Buztingintza (4) | Alearekin, gosetearen ondorioak murrizten ditu. | 45 | 10 | ||
| Ehungintza (4) | Itsasontziek urrats estra bat dute. | 45 | 10 | |||
| Metalgintza (4) | Abantaila ematen du borrokan. | 80 | 10 | |||
| Nekazaritza (4) | Biztanleria handitzea ahalbidetzen du. | 110 | 10 | |||
| Ingeniaritza (4) | Hiriaren defentsak indartzen ditu eta uholdeen ondorioak murrizten ditu. | 140 | 10 | 20 | ||
| Zientzia | Astronomia (4) | Itsas zabalera bidaiatzeko aukera ematen du. | 80 | 20 | ||
| Moneta (4) | Zerga-aldaketak ahalbidetzen ditu. | 110 | 20 | |||
| Medikuntza (4) | Izurritearen ondorioak murrizten ditu. | 140 | 20 | |||
| Mistizismoa (3) | 30 | 20 | 5 | |||
| Artea | Drama eta poesia (4) | 20 puntu balio du alfabetatzean eta 10 demokrazian. | 60 | 5 | ||
| Musika (4) | 30 puntu balio du filosofian. | 60 | 5 | |||
| Arkitektura (6) | 15 puntu balio du edozein hezkuntzatan. | 80 | 5 | |||
| Alfabetatzea (6) | 25 puntu balio du zuzenbidean, demokrazian eta filosofian. | 110 | 5 | |||
| Hezkuntza | Zuzenbidea (7) | Demokraziarako eta filosofiarako beharrezkoa. Desordena zibilaren eta ikonoklasiaren eta heresiaren ondorioak murrizten ditu. | 170 | |||
| Demokrazia (5) | Gerra zibilaren eta desordena zibilaren ondorioak murrizten ditu. | 200 | ||||
| Filosofia (5) | Ikonoklasiaren eta heresiaren ondorioak murrizten ditu eta gerra zibila aldatzen du. | 240 |
![]() |
| Zibilizazio-kartak. |
Zazpi da jokalari-kopuru egokiena eta zazpi zibilizazio aukeratzen dituzte bederatziren artean, zoriz aukeratutako ordenan. Ez da komeni lau baino jokalari gutxiagorekin jokatzea.
Jokoaren kontrola sekuentzia arkeologikoaren taula bidez egingo da. Zibilizazioek taulan zehar egingo dute aurrera, baina aro batetik hurrengora pasatzeko baldintza batzuk bete beharko dira. Taulan ematen diren urratsak bira bakoitzaren bukaeran emango dira. Jokoaren helburua SATen ahalik eta gehien aurreratzea da.
Arauak
Jokalarien mugimenduak biratan antolatzen dira. Bira bakoitzak 13 fasez ditu. Fase horiek jokalari guztiek bete behar dituzte, fase batzuk aldi berean eta beste batzuk ordena errespetatuz gauzatu behar dira. Bira guztiak berdinak dira (13 faseak), baina jokoak aurrera egin ahala faseen konplexutasuna handituko da.
| Fasea | Ekintza | Baldintzak |
| 1 | Zergak bildu. Matxinadak. | Hiriak badaude bakarrik. SATen ordena, baina aldiberekoa izan daiteke. |
| 2 | Biztanleriaren hedapena. | Beti. SATen ordena, baina aldiberekoa izan daiteke. |
| 3 | Errolda. | Beti. Aldiberekoa. |
| 4 | Eraiki itsasontziak. (Kendu soberako itsasontziak). | Nahi izanez gero. SATen ordena, baina aldiberekoa izan daiteke. |
| 5 | Mugimendua. | Beti. Erroldaren ordena. |
| 6 | Gatazka. | Beharrezkoa bada. Aldiberekoa. |
| 7 | Eraiki hiriak. | Egokia bada. SATen ordena, baina aldiberekoa izan daiteke. |
| 8 | Kendu biztanleria soberakina (murriztu eutsi gabeko hiriak). | Beharrezkoa bada. SATen ordena, baina aldiberekoa izan daiteke. |
| 9 | Eskuratu merkataritza-kartak (Erosi urrea). | Hiriak badaude. Hiri gutxien dituenak hartzen du lehenengo. |
| 10 | Trukea. | Hiru edo gehiago merkataritza-karta edukiz gero. Aldiberekoa. |
| 11 | Eskuratu zibilizazio-kartak (itzuli soberako merkataritza-kartak). | Beharrezkoa bada. SATen ordenaren alderantzikoa. |
| 12 | Hondamendiak konpondu (eutsi gabeko hiriak murriztu). | Merkataritzak eragindakoa bada. Hondamendi-karten zenbakiaren arabera. |
| 13 | Mugitu SATeko markatzaileak. | Beti. |
Oinarrizko ideia, jokoaren funtsa, sinplea da: populazio-gune batetik abiatuz populazioa handitu beharko da (2. fasea); populazioa handitzen denean hiriak eraikiko dira (7. fasea); hiriekin merkataritza sortuko da (9. eta 10. faseak); eta merkataritzak zibilizazioa bultzatuko du aurrera (11. fasea). Tartean arazoak ere sortuko dira: zibilizazioen arteko gatazkak, populazioaren hedapena dela-eta (6. fasea); gehiegizko populazioa (8. fasea); hondamendiak (sumendiak, uholdeak, izurriteak, piratak...) (12. fasea), horietako batzuek zibilizazio bati baino gehiagori eragingo diete.
Hasieran jokoa arina eta mekanikoa da, jokalariek oso aukera gutxi baitute mugimenduak egiteko, alde batetik, eta fase guztiak gauzatu ezin direlako, bestetik. Ordubete eta bi ordu artean beharko da jokoa berea ematen hasteko. Orduan, jokoa motelduko da, baina jokoaren gatza agertuko da. Birak astiroago osatuko dira jokalariek lan gehiago dutelako egiteko eta estrategia hobeto aztertu beharko dutelako. Jokoa, berez, luzea da, taula arkeologikoan zeharreko ibilbide osoa egin nahi bada. Baina, jokalariek aurretik erabaki dezakete noiz eta nola bukatu. Lau bat ordu izan daiteke nahikoa jokoaz jabetzeko, hortik aurrera jokalarien nahierara.
Iturriak
Oriol Comas i Coma: El món en jocs. RBA La Magrana, Bartzelona, 2005.
Eskuko arauak.














